Jagoba Terronesi 8 urteko espetxe zigorra ezarri diote

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 17a, 13:42

Susmoak egia bihurtu dira gaur Espainiako Auzitegi Nazionaleko Madrilgo Casa de Campoko egoitzan. Epaia aurretik idatzita zegoela salatu zuten astelehenean Amnistiaren Aldeko Batzordeen, Askatasunaren, Senideen eta Behatokiaren 27 auziperatuek; baita gaurko saioan emango zutela jarritako zigorren berri. Esan eta izan. Auzipetuak eta haien senide eta lagunak aretoan zirela, epaiaren jendaurreko irakurketa egin du Teresa Palacios epaimahaiburuak. "Erakunde armatuko kide" izatea egotzita, Juan Mari Olanori, Julen Zelaraini eta Aitor Jugori jarri diete zigorrik handiena: 10 urteko espetxea (13 urteko eskaera egin zuen fiskaltzak), hurrenez hurren. 18 auzipeturi, Jagoba Terrones berangoztarra tartean, berriz, 8 urtekoa (10ekoa zen fiskalaren eskaera). Azkenik, beste hiru lagun absolbitu egin dituzte: Senideak-eko Ixone Urzelai eta Juan Antonio Madariaga, eta Behatokiko Julen Arzuaga. Aurretik beste hiru auzipetu ere geratu ziren kargurik gabe: Jorge Luis Arredondoren, Maite Mendezen eta Getxoko lagun Mitxel Sarasketaren kontrako karguak erretiratu egin zituen fiskalak epaiketa amaitzean. Epaia irmoa ez denez, epaimahaiak erabakiko du zigortuak badaezpada kartzelatu edo ez. Banaka-banaka ari da zigortu bakoitzari horren berri ematen. Bitartean, besteak beste, Uribe Kosta eskualdean, mobilizazio ugari deitu dituzte, gaur, etzi eta etzidamurako. Argazkian, Sarasketa eta Terrones orain hilabete batzuk emandako prentsaurrekoan.

Askatu.org agerkariak iragarritakoaren arabera, gaur bertan, manifestazioak egingo dituzte Berangon eta Leioan, 20:00etan, eta ordu beranduago Algortan. Urdulizen eta Plentzian elkarretaratzeak egingo dituzte, 20:00etan eta 20:30ean, hurrenez hurren. Sopelan auto karabana izango da, 20:00etan, eta Itzubaltzeta / Romon auziari buruzko informazioa banatzeko hitzordua jarri dute. Ostegunean, kontzentrazioa egingo dute Berangon, arratsaldeko 8etan. Ostiralean, martxa bana egingo dute Itzubaltzeta / Romon eta Berangon eta Leioako auzokideek elkarretaratzea izango dute, hiru mobilizazioak 20:00etan izango direla.

Auzipetuak eta zigorrak (pdf)

33/01 auziaren sententziari aurre egiteko mobilizazioen egitaraua:

Irailak 17, asteazkena
- 20:00etan, Berangon, manifestazioa.
- 20:00etan, Leioan, manifestazioa.
- 20:00etan, Urdulizen, elkarretaratzea.
- 20:00etan, Sopelan, auto karabana.
- 20:30ean, Algortan, manifestazioa.
- 20:30ean, Plentzian, elkarretaratzea.
- Itzubaltzeta / Romon, agitazio eta propaganda.

Irailak 18, osteguna
- 20:00etan, Berangon, kontzentrazioa.

Irailak 19, ostirala
- 20:00etan, Berangon, manifestazioa.
- 20:00etan, Itzubaltzeta / Romon, manifestazioa.
- 20:00etan, Leioan, kontzentrazioa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun