Ostiraletik aurrera egongo da Getxoarten izena emateko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 17a, 14:02

Ostiralean, irailak 19, Getxoko Kultur Etxeak antolatzen duen Getxoarte 2008 Arte Sortu Berrien Aretoan izena emateko epea irekiko da. Ekitaldi horretan parte hartu nahi duten artista gazteek kultur areto guztietan eta udal web orrialdean (www.getxo.net) izango dituzte eskuragarri parte hartzeko oinarriak eta baldintzak. Halaber, 944 319 280 eta 944 914 080 telefono zenbakien bidez informazioa eska daitekete. Izena emateko epea datorren urriaren 17ra arte egongo da zabalik. Arte garaikidean zenbait adituk osatutako epaimahaiak egingo du berrogeita hamalau artisten hautaketa, eta horien izenak urriaren azken astean jakinaraziko dira. Hautatutako sortzaileek euren lanak erakutsiko dituzte, abenduaren 5etik 8ra, Areetako Xake plazan kokatuko den 2.500 metro koadroko karpan. Argazkian, hainbat artezale iazko edizioan.

Horiek horrela, "Getxoartek garatze bidean diren artistei euren lanak jendaurrean erakusteko aukera eman nahi die, eta aldi berean, aretoa artista gazteen funtsezko topaleku bihurtu", kultur iturri getxoztarren arabera. Horrezaz gain, Getxoartek arte plastikoen garapena sustatu nahi du, baita ekoizpen sortzailea ere. Gainera, "proiektu askotarikoei bide emango dieten ikuspuntu nahiz kode artistiko berrien bilaketa" bultzatzea du helburu, "horiek izango baitira arteen etorkizunaren oinarri".

Parte hartzeko baldintzak

Getxoarten parte hartu nahi dutenek 35 urtetik beherakoak edo adin hori 2008an betea izan behar dute. Era berean, Euskal Herrian jaioak diren, administrazio-egoitza duten edo berton ikasten ari diren pertsonek parte har dezakete. Hautatuek euren lanak stand batean erakusteko aukera izango dute, doan. Gainera, euren eremuko argiztapen eta seinaleztapen zerbitzuak ere doan izango dituzte. Azkenik, Getxoartek katalogoa argitaratuko du parte hartzen duten artista guztien lanen berri jaso eta modu horretan lan artistikoak jendartera errazago zabaltzeko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun