Zigortutako 21 lagunetatik 15 berehala espetxeratzeko eskatu du Fiskaltzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 17a, 15:19

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskala Javier Zaragozak 33/01 auzian zigortutako 21 lagunetatik 15 berehala espetxeratzeko eskatu du, "euren kontrako sententzia hori eskatzeko arrazoi nahikoa" delakoan, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Beste bost lagunentzat bezala, Jagoba Terrones berangoztarrarentzat, ordea, ez du horrelakorik eskatu Zaragozak, "aurretik behin behineko espetxealdian egon direla kontutan hartuta, Auzitegi Gorenak sententzia (pdf) behin betikoa egin arte, seguruenik zigor erdia beteta izango luketelako". Hala ere, banan bana ari dira bakoitzaren egoera aztertzen, oraindik ere baitaude Madrilgo Casa de Campoko egoitzan. Terrones 1998ko ekainaren 5ean atxilotu zuten, ETAren Bizkaia komandoaren laguntzaile izatea egotzita, eta 1999ko maiatzean atera zen kalera. 2001eko urriaren 30ean berriro atxilotu zuten, Amnistiaren Aldeko Batzordeen kontrako polizia operazioan. 2007ko uztailaren 8an espetxea utzi artean, ETAren laguntzaile izatea leporatuta, Teresa Palacios epaileak berak ezarritako 5 urteko zigorra eta, 33/01 auziagatik behin behineko espetxealdian, beste 4 urte preso beteak ditu berangoztarrak. Bitartean, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak bere eguneroko lanari loturik jarraituko duela adierazi eta gaurko mobilizazioetan parte hartzeko dei egin du. Argazkian, epaiketako irudi bat / Etengabe.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren lehen balorazioa:

Epaiketa hasi baino lehen esan genuen epaia idatzita zegoela. Hilabete guzti hauetan ikusi dugun zirkoa epai politiko bati apaindu juridikoa emateko saiakera baino ez da izan.

Errepresioak gogor jo du gure herria azken urteotan. Errepresioak min asko eman digu. Torturatuak izan diren 7000 euskal herritarrak, ehundaka espetxeratuak, ihesean joan direnak, bisitetara bidean bizia eman duten senideak, GALek edo gerra zikinak bahitu eta hil dituen euskal militanteak, poliziaren kargetan hil direnak... Guzti hauengana joan zaigu gaurkoan oroimena, guzti hauen memoria gogora ekarri nahi dugu egun honetan.

Elkartasuna balore indartsua da, eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren izaera balore honen gainean eraikitzen da. Errepresioa jasan duenak beti izan du elkartasuna herri honetan, eta ozen adierazi nahi dugu zigorrak zigor aurrerantzean ere elkartasuna lantzen eta eskaintzen jarraituko dugula. Eguneroko lan xumeari loturik jarraituko dugu Amnistiaren Aldeko Mugimendua osatzen dugun milaka herritarrok. Espetxeak bete ditzakete euskal preso politikoz, baina elkartasuna urratsez urrats espetxe guzti horietara iritsiko da, maite ditugun horiengana guztiengana.

Estatuen jazarpen eta inpunitatea salatzen jarraituko dugu. Estatuak bere bide errepresiboetan urrun iristeko prest dagoela erakutsi digu. Inongo lotsarik gabe kendu dute mozorro demokratikoa, oinarrizko eskubideak ukatuz, alderdi eta herri mugimenduak ilegalizatuz, herritarrak bahituz eta torturatuz. Errepresio une basati honetan informazio eta salaketa lanak berebiziko garrantzia hartzen du, eta honi loturik jarraituko du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak atzo bezala gaur eta bihar.

Ohore bat izan da guretzat gaur zigortuak izan diren lagunekin lan egitea urte guzti hauetan. Une hauetan Amnistiaren Aldeko Mugimendutik besarkadarik sentikorrena helarazi nahi diegu entzutegi nazionalean aurkitzen diren gure lagun eta kideei. Zuen apaltasuna, konpromisoa eta zintzotasuna eredu izango ditugu aurrerantzean ere gure eguneroko jardunean.

Amaitzeko gaur arrattsaldean eta datozen egunetan Euskal Herriko hainbat herritan burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Amnistiaren Aldeko Mugimendua
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun