Goirizelaia errektoregaia izango den ez du baieztatu EHUko Errektoretza Taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 17a, 16:00

"Iñakok [Perez Iglesias] esan zuen bezala, talde honetatik hautagai bat aurkeztuko da errektore izateko hauteskundeetara. Izan naiteke ni ala ez, oraindik asko falta da zerrendak aurkezteko epemugaraino". Horrela erantzun die gaur goizean Iñaki Goirizelaia Bizkaiko campuseko errektoreordeak (argazkian) datorren abenduaren 4an EHUko hauteskundeetara aurkeztuko den galdetu dioten kazetariei. Izan ere, pasa den ostegunean "El Correo Español"-ek zabaldu zuen, "baieztapen ofizialaren faltan", Goirizelaia izango dela Marisol Estebanen aurka egungo Errektoretza Taldeak aurkeztuko duen hautagaia, bakarrik lehiatu arren hauteskundeak irabazteko kapaza izan ez zen Juan Ignacio Perez Iglesiasen erreleboa hartuz.

Bai Estebanek, bai Goirizelaiak edo azkenean aurkeztuko den inguru horretako hautagaiak eta baita bestelako balizko hautagaiek ere, errazago izango dute abenduan elkarrekin lehiatuz Perezek bakarrik joanda maiatzaren 22an izan zuena baino. Ez dute unibertsitarioen botoen erdia baino gehiago behar izango, beste errektoregaiak garaituta nahikoa izango dute.

Balizko hautagaiak:

Marisol Esteban Sarrikoko lobbyaren sostengua du eta baita CCOOren alderdi atzerakoiarena ere. Irakasle katedradunen aldeko osagarri ekonomikoak defendatu ditu eta Perezek egindako euskararen aldeko politika apala, "hizkuntz fundamentalismotzat" jo du.

Egungo errektoretza taldeak EILAS sindikatuaren babes oparoa jaso zuen orain dela bost urte, baina azken hauteskundeetan, sindikatuak bi orrialdetako testu bat plazaratu zuen Perezen aldeko zein kontrakoak aletuz eta botoa eman ala ez afiliatuen esku utziz. Bestalde, Perezen harremanak EA eta EAJrekin ez dira txarrak izan. Perezek irakasle ez funtzionarioei zabaldu zien osagarri ekonomikoak, hainbat urtez atzeratu diren herri lanetarako finantziazioa lortu eta atzeko atea ireki zien kaleratutako bi irakasleri EHUn berriz lan egiteko, baina bere aurka jarri zituen Administrazio eta Zerbitzuetako Pertsonaleko langileak zein ikasleen gehiengoa. Azken hauek euskalduntze politika eskasaz, Bologna prozesuaz eta campusen militarizazioaz kexu agertu dira behin baino gehiagotan. Bizkaiko campusean Delta segurtasun enpresak eta Ertzaintzak istiluetan izandako esku hartzearen erantzukizuna Goirizelaiari leporatu diote gainera.

Antonio Vera Matematika katedraduna ere egon liteke datorren abenduaren 4ko hautagaien artean. Vera pasa den maiatzean saiatu zuen hautagaitza aurkezten baina ez zituen lortu behar beste babes. Osagarri ekonomikoen aurka omen dago eta hautagaitza independentea osatu nahi duela dio, ideologiaz baino ikerkuntzaz eta hezkuntzaz arduratuko litzatekeena.

Barre algarak

Iñaki Goirizelaiak gaur goizean Leioa eta Erandioko campusean egin dituen adierazpenek arreta ez galtzeko lekukoak izan ditu. Kazetarien atzean, Juan Ignacio Perez Iglesias egungo errektoreak, Alfonso Unzeta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateko dekanoak eta EHUko mandatari batzuek ezin izan dituzte barre algarak ekidin. Izan ere, gaur "Deia"k argitaratu duen bezala, "hauteskundeak irabazi nahi ditut", horrela, lehenengo pertsonan esanda, birritan ihes egin zitzaion Goirizelaiari Bilboko egunkariari emandako elkarrizketan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun