UK Martxarako bonoak erosteko gaur da azken eguna

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 17a, 19:35

Larunbat eta igande honetan UK Martxa izeneko abialdia egingo dute Lemoiztik Erandiora, Uribe Kosta eta Erandioko dozenaka gaztek, "gazte herri gorria" irudikatuz. Martxako abiapuntura heltzeko autobusa, larunbateko afaria, igandeko gosaria eta herri bazkaria zein arratsaldeko kontzertuko sarrera deskontu handiz batzen dituen bonoa erosteko azken eguna gaur da. Antolatzaileek jakinarazi dutenez ohiko lekuetan eros daiteke bonoa 12 eurotan. Dena den, bonoa erosi gabe ere parte hartu ahal izango da UK Martxan, gauza bakoitza bere aldetik ordainduz. Iazko eredua gaindituz, aurten bi egunetan egingo da martxa, kilometro kopurua nabarmen handitu dela. Martxan, aldapak eta lauaz gain, Lemoizko zentrala, gudarien oroimena, etxebizitza, Bologna, AHT, "Gazte eta aske" kanpaina eta feminismoa jorratuko dute, tartean jolas, bazkari, kontzertu eta enparauentzako astia izango dela. Argazkian, UK Arriluzeko itsasargitik igarotzen, iaz. Argazki gehiago hemen ikus daiteke.

Independentziaren aldarrikapenarekin bat eginda eta "Gazte! Herri gorria piztera goaz!" lelopean, martxa larunbatean irtengo da Lemoiztik, goizeko 9etatik aurrera. Hitzordura garaiz heltzeko antolatzaileek autobusa jarri dute. Bonoa hartzeko epemuga asteazkena, hilak 17, izango da.

UK Martxako antolatzaileen oharra:

Aurten ere hemen da gazteon martxa. Irailaren 20 eta 21ean, lemoiztik Erandiora, gazte herri gorria irudikatuko dugu.

Gazteok, Euskal Herri aske baterantz urratsak emateko aukera ikusten ditugu eta horrexegatik martxa honen arrazoia. Ibilbideak marraztuko duen lerroa alde baterantz edo beste baterantz tiratzera beharko gaitu. Guk, dagoeneko, sokaren zein aldetan egon nahi dugun erabaki dugu. Espainiar eta Frantziar kartzeletan bahituak egotea ez dugulako onartuko, independentziaren aldeko tirada irabaziko dugu.

Zapalduak ditugun eskubideak defendatu eta gure proiektu propioak eraikiko ditugu. Bestelako balore askatzaileetan oinarrituko den herria posiblea delako, AHTa geldituko dugu, gune askeak diren gaztetxeetan lanean jarraituko dugu, hezkuntza sistema propioa aldarrikatuko dugu, etxebizitza politika aldatuko dugu, sexualitate zapalkuntza gaindituko dugu...

Sortu, sentitu, pentsatu eta borrokatu!

UK Martxako talde antolatzailea

Egitaraua:

Irailak 20, larunbata
- 9:00etan, Lemoizen, "Lemoizko zentrala"
- Plentzian, hamaiketakoa.
- Barrikan, gudariei omenaldia eta bazkaria.
- Sopelan, "Etxebizitza".
- Berangon, afaria, "Bologna", gaubela eta frontoian lo egin (lo sakua eraman behar da).

Irailak 21, igandea
- 9:00etan, irteera Berangotik.
- Algortan, "Gazte eta aske".
- Itzubaltzeta / Romon: "AHT".
- Leioan, "Feminismoa".
- Erandion, ekitaldia, herri bazkaria, jolasak eta kontzertua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun