Harrera beroa egin diote Karlos Garridori

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 18a, 15:53

Atzo iluntzean, 140 lagun inguruk egin zioten lehenengo harrera, dagoeneko preso ohia den Karlos Garridori. Sopeloztarra goizean irten zen Almeriako espetxetik eta, behin Euskal Herrira helduta, ekitaldia aurretik senide eta lagunekin lasai egoteko parada izan zuen. 21:30ean, berriz, "Euskal presoak Euskal Herrira" aldarrien, txalo zaparraden eta txalaparta doinuen artean hartu zuten Garrido, Sopelako eliza aurreko autobus geltoki parean batutako herritarrek. Ordutik aurrera, lore zorta, besarkadak eta Fredi Paya eta Ekaitz Larrazabalen bertsoak jaso zituen preso ohiak, geltokiko aterpearen gainean hiru solidariok bengalak piztu eta errepresaliatuen aldeko ikurrak zabaltzen zituzten bitartean. Behin, "Eusko Gudariak" abestuta, Mikelats herriko tabernada abiatu ziren guztiak, Garridok bere argazkia kendu zezan eta pintxo gozoak dastatzeko. Argazkian, atzoko ekitaldian Garrido lore sorta jasotzen. Argazki gehiago hemen ikus daitezke.

Karlos Garrido 1998an atxilotu zuten Bizkaia komandoa lagundu izana leporatuta eta Carabanchel eta Alcala-Mecon izan ostean kaleratu zuten, prebentziozko presondegialdia amaituta. 2002ko maiatzaren 13an, Bizkaia komandoko ustezko kide eta laguntzaileen aurkako auziaren epaia kaleratzearekin batera, sartu zuten berriro espetxera, falta zitzaiona betetzeko. Sumario horretan, besteak beste, Patxi Markes, Urko Labeaga, Jagoba Terrones eta Mila Etxebarria ere zigortu zituzten. Karlos Garrido Navalcarnero eta Valdemoron izan ostean Almeriara eraman zuten 2003an, Euskal Herritik 972 kilometrotara.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun