Getxoko PPk "beharrezkotzat" jo du Getxo-Aireportua autobus linea, "getxoztar askoren lan profilagatik eta aireportuak koste txikiko konpainiei esker azken urteotan izan duen hazkundeagatik". Onartzen dute Bizkaiko Foru Aldundiaren eskuduntza dela ibilbidea eta maiztasuna onartzea, baina dagoeneko lau geldiune gomendatu dituzte: Algorta, Neguri, Areeta eta Leioa. Horrek "getxoztarrak poztu eta egunerokotasuna errazagoa egingo die", Arrueren iritziz.
Bizkaibus
UKBERRI.NETek Marisa Arruek egindako eskaera errealitatetik zein gertu dagoen egiaztatzen saiatu da Bizkaibusek eskaintzen dituen zerbitzuak aztertuz. Bizkaiko Foru Aldundiaren garraio zerbitzu horren webgunean ikus daitekeenez, egun, Areetatik Loiura bidaiatu daiteke autobusez, orduro Barria kaletik irteten den A2151 lineako autobusean, Areeta eta Larrabetzu arteko zerbitzua ematen duena. Aipatu garraio publikoak hiru geldiune egiten ditu Loiun baina ez da zuzenean aireportuan gelditzen, nahiz eta urrun ere ez dagoen.
Bestalde, A3247 Bilbo eta Loiuko aireportua lotzen dituen lineak 20 minuturoko maiztasuna dauka eta Moyuan ezezik San Mames metro geltoki ondoan dagoen Termibusen, Kale Nagusian eta Errekaldeko zumarkalean har daiteke. Dena den, zaila ematen du Bidezabaletik San Mamesera joan (23 minutu) eta A3247 autobusa hartuta aireportura (15 bat minutu, trafikoaren arabera) heltzen ordu eta erdi ematea, Arruek esan duenez, itxaroten egon beharreko tarteak barne (askoz jota, 10 minutu metroan eta 20 minutu Termibusen).