Udaltzaingoak "neurri bereziak" prestatu ditu Areetako jaietarako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 18a, 21:40

Marisa Arrue Getxoko PPren bozeramaileak eskatu bezala, Udaltzaingoak neurri bereziak prestatu ditu, "istiluak eta adin txikikoei alkohola saltzea saihesteko", Areetako Mesedeetako Amaren jaietan. Udalak 3.000 eurora arte irits daitezkeen isunak jarriko dizkie droga-mendekotasunaren arloko prebentzioari buruzko legea urratzen dutenei. Isun horiek are handiagoak izango dira arau-haustea berriro egiten duten pertsona eta establezimenduentzat, tokiko iturriek nabarmendu dutenez. Horrela, adin txikikoei alkohola saltzen dien tokia aldi baterako ixtera ere hel daitezke. Udaltzaingoak prestatutako operatibo bereziak zehazten duenez, patruilak jai-esparruan zein aldameneko eremuetan egon ahal izango dira. "Ertzaintzak ere parte hartzen du, baita Babes Zibilak, Gurutze Gorriak eta DYAk ere", gaineratu dute. Bihar hasi eta igandean bukatuko dira (egitarau osoa agendan) Areetako Mesedeetako Amaren jaiak. Argazkian, udaltzain bat motor gainean.

"Oso gogorrak izango gara legez kanpo alkohola salduz gure adin txikikoen osasunarekin jolas egiten duten haiekin”, azpimarratu du Kepa Miñambres Udaltzaingoko zinegotziak. Gogoratu duenez, iazko jaietan isun bana jarri zieten adin txikikoei emateko alkohola erosteaz arduratzen zen heldu bati eta alkohola kontsumitzeko adinik ez duten gazteei alkohola zuzenean saltzen zien saltoki bati. Gauzak horrela, aurten, gaueko txanda nabarmen indartu dute legez kanpoko jarduerak zein "bestelako gorabeherak" kontrolatzeko helburuz. Bestalde, erabateko laguntza eskatu die herritarrei Miñanbresek. Izan ere, “asteburu honetan egongo diren ekitaldi garrantzitsuek (aipatu jaiak, Areetako herrigunea ixtea autorik gabeko egunaren ekitaldiak direla kausa eta Erdi Aroko azoka Algortako herrigunean) hainbat eragozpen eragingo dituzte”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun