Euskal errepresaliatuen alde lan egiten jarraitzera deitu dute Terronesek eta Sarasketak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 19a, 00:26

Gaur iluntzean 65 lagun inguruk egin dute manifestazioa (argazkian) Berangon, Amnistiaren Aldeko Batzordeen (AAB) kontrako epaia salatu eta bertoko seme Jagoba Terrones eta zigortutako gainontzeko 20 herritarrei elkartasuna adierazteko. Berangoztarrari 8 urteko espetxe zigorra ezarri diote eta, epaia irmoa izan arte, baldintzapean aske utzi dute. Mitxel Sarasketa getxoztarra, berriz, libre geratu da kargurik gabe. Beraren aurkako akusazioa erretiratu egin zituen fiskalak epaiketa amaitzean. "Euskal Herriak askatasuna behar du!" pankarta eutsiz, biek parte hartu dute protestan. Hain zuzen ere, Espainiako Auzitegi Nazionalak 33/01eko auzipetu gehienak zigortu eta AAB eta Askatasuna legez kanpo utzi dituen arren, "orain inoiz baino gehiago", euskal errepresaliatu politikoen alde lan egiten jarraitzera deitu dute Terronesek eta Sarasketak. Hartara, Berangon beharrean, bihar, "Salbuezpen egoerari stop" lelopean Algortan deitutako manifestazioan parte hartzera deitu dituzte bertan bildutakoak. Telletxe plazatik abiatuko da, 20:00etan. Argazkian, gaurko manifestazioa Berangoko batzoki ondotik igarotzen.

Atzokoa egun "gogorra eta luzea" izan zela aitortu die Berangoko Gudarien plazan bildutakoei Jagoba Terronesek, manifestazioa hasi baino lehen. "Ez genekien zer gertatuko zen, ezta sententzia osoa irakurriko zuten ere. Azkenean, bakoitzari jarritakoa leidu eta banan-banan hartu gintuzten nor bere egoeraren berri emateko", adierazi duenez. Izan ere, zigortutako 21 lagunetatik 15 berehala espetxeratzeko eskatu zuen Auzitegi Nazionaleko fiskala Javier Zaragozak. Gauzak horrela, 10 urteko espetxea jarritako Juan Mari Olano, Julen Zelarain eta Aitor Jugo atzo bertan preso hartzea erabaki zuen Teresa Palacios epaileak. 8 urtera zigortuekin, berriz, bereizketa egin zuen magistratuak. Horietatik 10 berehala espetxeratzeko (aurkeztu ez eta atxilotua izateko agindua duen Iñaki Reta horien artean) agindu zuen eta beste 8, Terrones tartean, baldintzapean aske utzi epaia irmoa izan arte, aurretik horiek 4 urteko behin-behineko espetxealdia eginda zutela kontutan hartuta.

Bihar, Algortan

Hala ere, 12 lagunen espetxeraketa (Iñaki Reta bilatu eta atxilotze agindua dauka) bezain "larritzat" jo du Terronesek, Auzitegi Nazionalak AAB eta Askatasuna legez kanpo utzi izana. "Euskal errepresaliatu politikoen egoera kalean salatzea eragotzi nahi dute. Gure esku dago 12 kide horiei ezezik, preso eta iheslari guztiei ere babesa ematea. Jarrerarik onena erantzuten jarraitzea da, dudarik gabe", adierazi du berangoztarrak. Hartara, bihar Algortan elkartzera dei egin dute bertan. Besteak beste, Anjel Figueroa preso gaixoaren osasun egoera larria dela, Paul Asensio gose greban 19 egun (bihar) daramatzala eta salbuezpen egoera (33/01 auzia eta Eusko Abertzale Ekintza eta EHAK legez kanpo utzi izana, besteak beste) salatzea izango du helburu protestak.

Sententzia "kaskarra"

Bien bitartean, sententzia "era kaskarren eginda" dagoela salatu du Mitxel Sarasketak. "Poliziak esaten zituenak 'kopiatu eta itsatsi' baino ez dituzte egin. 'Dena ETA da' baieztapena da akusazioen oinarria; ezker abertzalearekin nolabaiteko zerikusirik izan dezakeen talde oro ETAren zatitzat jotzen dute", getxoztarrak azaldu duenez. Bere iritziz, "Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide izateagatik baino ez" dituzte zigortu 21 lagun horiek, "ez gahiago, ez gutxiago". "Ez dira gehiago saiatu", gaineratu du. Baita Olano kondenatzeko "prentsa dossierrak baino ez" dituztela erabili kritikatu ere. Bestalde, sententziak 200 folio baino gehiago zituen arren, "kazetariei zer esan behar zuten zehatz mehatz jartzen zuen 4 orriko laburpena baino ez zieten eman", Sarasketaren arabera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun