San Nikolas eta Getxo Antzokia plazetan Erdi Aroko kanpamendua eraiki dute, denda, zalditegi eta abarrekin, eta hainbat saio eta ikuskizun egongo dira. Halaber, tabernetan eztarria busti daiteke eta, krepe-dendan, indarrak berritu, tailerrak (marmola, grabatua, harria eta zeramika) bisitatu ondoren. Azkenik haurrentzako ludotekan ederto pasatzeko aukera dute gaztetxoek. Tangora plazako txoko esoterikoan, berriz, igarpen artea eta magia dira nagusi: tarotistek etorkizunak dakarkiguna jakinaraziko digute. Bestalde, azoka arabiarra eta Erdi Aroko ogi labea Telletxen eta Kasinon kokatu dituzte, hurrenez hurren.
Kale animazioa
Hala ere, Getxoko Erdi Aroko azoka "salmentarako bakarrik ez" dela argitu nahi izan zuen astearteko prentsaurrekoan Kultur zinegotziak. Azaldu zuenez, orduko pertsonaia ugari ibiliko dira, aktoreek antzeztuta: bufoiak, malabaristak, koblakariak, musikariak, magoak, itsua eta itsumutila, eskaleak, komedianteak, soldaduak, fakirrak eta suge-hezitzailea, besteak beste. Zenbait antzezpen egingo dituzte, orduko azoketan zeuden giroa eta gertaerak erakutsiz. Horietako batzuek antzezpenen ordua eta tokia jakinaraziko dituzte. Kale eta plazak ere modu berezian apaindu dira azoka egiteko. Armarriak, banderak, zutoihalak, lastoa, belar usaindunak... ipini dira, bisitariak Erdi Arora eramateko. "Finean, Getxoko Erdi Aroko Merkatua iragana bizitzeko aukera ezin hobea dugu, jai giroan. Bisitariek modu aktiboan parte hartzen dute eta gainera artisautzako produktuak eros daitezke", Iturberen arabera.
Beste udal agintariren artean, Imanol Landa alkatea eta Koldo Iturbe Kultur zinegotzia izan dira, gaur eguerdian, Algortako Telletxe plazan, Getxoko Erdi Aroko azoka zabaltzeko. Gauzak horrela, igandera bitartean, Algortako erdialdea Erdi Aroko herri izango da. Hiru egunetan, garai horretako lanbideetako tailerrez beteko dira kaleak. Jendeak hainbat produktu erosi ahalko ditu: larruzkoak, espartzuzkoak, argizarizkoak, zurezkoak, urrezkoak, jostailuak, oinetakoak, sendabelarrak... Guztira, 110 salmenta postu daude, Koldo Iturbe Kultur zinegotziak jakinarazitakoaren arabera. Gainera, herri sukaldaritzak ere bere lekua dauka. Eta artisauak lekuan bertan lanean ikusteko aukera ere badago. Ohikoa denez, zenbait gune daude azokan. Hain zuzen ere, Erdi Aroko kanpamentua (San Nikolas eta Getxo Antzokia plazak) eta txoko esoterikoa (Tangora plaza) dira aurtengo berrikuntzarik nabarmenenak. Horietako bakoitzean zaldunen garaiko eguneroko bizitza antzeztuko dute aktoreek eta publikoak horiekin elkar jardun ahal izango dute. Horretaz gain, aurtengo ferian tradiziozko artzaintza ezagutu ahal izango da, artalde batek kaleak zeharkatuko baititu (larunbatean, 18:30ean, San Nikolasetik abiatuta), abelbide modura. Honako hau izango da