Hamabost hilabeteko zigorra bukatuz, kartzelatik irten eta egun batzuetara eman zuen Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagiak bere lehenengo elkarrizketa luzea. Bere herriko komunikabide euskaldunak diren "Barren" aldizkariak eta
elgoibarren.net digitalak argitaratu zituzten atzo negoziazio prozesuari, Lizarra-Garaziri, Euskal Herriko etorkizunari, Europako estaturik gabeko nazioen eboluzioari eta ezker abertzaleari buruz Otegik egindako hausnarketak. Batasuneko bozeramaileak argi dauka guztiek dutela lotura: "negoziazio mahaitik Martutenera pasatu nintzen, Suitzako hotel batetik Martuteneko espetxera", laburbiltzen du prozesu demokratikoa eta ezker abertzalearen egoera legala. Bestalde, berretsi egin du Martuteneko atean hartutako konpromisoa: "preso bat kartzelan dagoen bitartean, nik konpromisoari eutsiko diot eta nire konpromisoa da berriro ere negoziazio prozesu bat martxan jartzea herri honetan, ahalik eta baldintzarik onenetan".
Elkarrizketa osoa elgoibarren.net-en irakur daiteke, bideoa ere badagoela. Argazkian, Arnaldo Otegi Bilboko Esperantza frontoiaren aurrean.