Batetik, Getxo udalerrian lehen arreta eskaintza osatzea du helburu Algortako osasun zentroak, Inclanek aipatu duenez. Areetan eta Bidezabalen (Getxo) ere badago anbulatorio bana. Bestalde, "gainezka egiteko arriskuan" zegoen azken hori "lasaitzeko" balioko du eraikin berriak, Osasun sailburuaren hitzetan. Leioako osasun zentroari ere on egingo dio Algortakoak. Izan ere, bertan zegoen Uribe Eskualdeko zuzendaritza Alangoko eraikinaren bigarren solairuan (621 metro koadro) kokatuko dute; Leioan zortzi kontsultategi berri jartzeko tokia utziz. Gaur egun, beste zortzi baino ez daude, Inclanek argitu duenez. Bitartean, osasun zentro berria "lankidetzaren emaitza" dela adierazi du Landa alkateak; Udalak berak utzi baitzion Osasun Sailari orubea. Erakundeen arteko lankidetza horren adibide, dagoeneko martxan diren Maidaganeko trenbide pasabidea lurperatzeko lanak eta Getxo Antzoki berria ere aipatu ditu tokiko agintariak.
Sotoa eta hiru solairu
Behetik gora hasita, 1.280 metro koadroko azalera dauka Algortako osasun zentroaren sotoak. Bertan jarriko dituzte biltegiak, aldagelak eta azpiegituretarako (berogailua, elektrizitatea eta telekomunikazioak) gelak. Horretaz gain, aparkatzeko leku gutxi batzuk izango dira, bertoko langileentzat. Beheko solairua (621 metro koadro) bitan zatitzen du sarrera nagusiak: bezeroari arreta gunea (eskuinera) eta mostradorea, back office-a, artxiboa eta bulegoa (ezkerrera) egongo dira bertan. Horretaz gain, pediatria kontsultategi bi, pedriatria erizaintzako beste bi, sendaketa eta erauzketetarako gela, emakumeei arreta egiteko gunea (emagina eta erditzeak prestatzeko gomnasioa egongo dira bertan) eta osasun heziketarako sei langilerentzako bulegoa jarri dituzte beheko solairuan. Etxeko mediku eta erizainen kontsultategiak eta errehabilitazio gunea (gimnasioa, aldagelak, tratamenduetarako kabinak...) lehenengo solairuan (621 metro koadro) egongo dira. Lehen esan bezala, Uribe Eskualdeko zuzendaritza hartuko du bigarren solairuak.
Bi urtetako lanen ostean, gaur goizean inauguratu dute Algortako osasun zentro berria, Gabriel Inclan Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Gloria Quesada Osakidetzako zuzendariak eta Imanol Landa Getxoko alkateak. Gauzak horrela, laster emango die zerbitzua Alango (bertan dago), Jolaseta, Aiboa eta Neguriko 20.000 laguni (18.000 heldu eta 2.000 gazte eta ume). Dagoeneko medikuz aldatzeko gutuna jaso dute bertoko auzokideek. Hala ere, osasun arduradunek ez dute ateak irekitzeko data zehatzik aipatu. Batera zein bestera, 3.143 metro koadro ditu eraikin berriak, hiru solairu eta sotoa, hurrenez hurren. Bertan, 12 etxeko medikuk, pediatra bik, 12 erizainek eta 7 administrarik lan egingo dute. Orotara, lau milioi euroko kostua izan du Alangoko osasun zentroak: 3.700.000 euro obretarako eta beste 300.000 hornikuntzarako. Argazkian, Inclan eta Landa zinta mozten, gaurko ekitaldian.