Iluntzeko 8ak pasatxo zabaldu dituzte pankartak Erdi Aroko azokak gainezkatutako Telletxe plazan. Saltokiz saltokiz zihoazen kuxkuxeroen artetik egin behar izan ditu lehenengo metroak 300 lagunek baino gehiagok osatutako martxak. Hain zuzen ere, "Salbuespen egoerari stop" lelopeko pankartak zabaldu du bidea. Atzetik ikurrin, Nafarroako katedun bandera eta arrano beltzez hornitutako dozenaka lagunek hartu dute lekua. Eta, ondoren, "Anjel kalera" lelo atzean kokatu dira beste hainbat, herriko preso politikoen argazkiei eutsiz. Ibilbide guztian zehar, independentziaren aldeko oihuekin nahastuz joan dira errepresaliatuen omenezko aldarriak. Horiek guztiak are ozenagoak izan dira Algortako batzoki aurretik igarotzerakoan. Ildo horretan, manifestazioa bukatzean irakurritako aldarrian, PSOE "erasoen erantzuletzat" jo bai, baina "ezinbesteko laguntzaile" egin dute EAJ.
Manifestazioa amaitzerakoan irakurritako adierazpena:
Gaur hemen bildu garenok delitu larria egin dugu. Kartzelaratzeko moduko delitua. Aste honetan jaso ditugu AAMren aurkako sententzia eta EAE-ANV eta EHAKren legez kanporatzeak. Salbuespen egoera larrian gaude. Eskubide zibil eta politikoen aurkako erasoa Europan dagoen astakeriarik nagusiena da. PSOEk berak, PP gainditu du independentismoaren aurkako apartheid politikoan. Baina ala ere agerian utziko dugu euren gerra zikina.
Salbuespen egoeraz, eskubideen etengabeko zanpaketaz, egiten dugun salaketa eta errepresaliatu politikoei ematen diegun babesa ez dute begiko Espainiako eta Frantziako estatuek. Ezker abertzaleak Euskal Herrirako nahi duen proiektu independentista eta sozialista iraungi nahi du PSOEk. Horretarako, ezinbestekoa du egungo marko autonomikoari eustea, PNVren laguntzaz. Donostiako estropadetako igandean bezala, errepresio politikaz egunetik egunera benetako aurpegia erakusten duen PNV bera.
30 urte hauetan zehar, argi geratu da Estatuen oldarkeria guzti-guztiak gainditu ditugula eta, mila sententzia gehiago egon arren, ezker abertzale osoa euren gainetik pasatuko da beste mila bider ere. Beraz, animo, segi borrokan, borrokaren bidez lortuko baitu herri honek garaipena!
Euskal Herriaren etorkizuna arriskuan dago, eta independentziara eramango gaituen marko demokratikoa lortu arte lan egiteko eta borrokatzeko konpromisoa berresten du ezker abertzaleak.