Euskal erakundeek software librea susta dezaten kanpaina abiatuko dute bihar

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 20a, 01:00

Bihar, larunbata, software librearen erabilera sustatzea eskatuko die Eusko Jaurlaritzari eta bestelako euskal administrazio publikoei erabiltzaile talde batek. Izan ere, irailaren 20an Software Librearen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Aitzakia horren pean, hainbat software erabiltzailek, tartean Leioako Metabolik BioHackLaben ibilitako batzuk, ekitaldia egingo dute Bilboko Areatzan, goizeko 11etatik aurrera. Bertan, Software Librearen Aldeko Manifestua irakurri, sinadurak batu eta hainbat sistema eragile aske zabalduko dute. Dagoeneko, software librearen aldeko manifestua 30 talde eta 500 pertsona baino gehiagok sinatu dute queremossoftwarelibre.org webgunean, laster softwarelibreanahidugu.org ere indarrean jarriko dutela. Software askearen hautua egin dutenen artean Paul Rios eta Gorka Jakobe Palazio eskualdeko blogari ezagunak daude. UKBERRI.NETek ere bat egin du aipatu kanpainarekin. Argazkian, Imanol Landa, eta Jose Luis Bilbao Biskaityk ekimenen bidez Areetako azokan Microsoftek teknologia gunea eraiki dezan hartutako erabakia ospatuz. Software librearen aldeko erabiltzaile taldeak ez du begiko egitasmo hori.

Manifestua:

Software Librearen aldeko sinadura bilketa

Azpian sinatzen dugun talde eta pertsonok, Software Librea erabili nahi dugula agertzen dugu (adibidez, GNU/Linux, Firefox, OpenOffice...):

1. Software Libreak, berdintasuna, partehartzea eta solidaritatea sustatzen dituelako eta mundu zuzenago bat sortzen laguntzen gaituen tresna bat delako.
2. Giza garapena, jakintzaren gizartea eta berrikuntza teknologikoa bultzatzen dituelako, Teknologia Berrietara guztion sarrera erraztuz.
3. Jakintzaren elkarbanatzean oinarritzen delako, ekonomikoki errentagarriagoa delako (lizentziak doakoak dira) eta lekuko enplegua sustatzen duelako.
4. Librea delako (edozeinek erabili eta hobetu dezake) eta estandar publikoak eta formatu irekiak erabiltzen dituelako.
5. Independentzia teknologikoa ahalbitzen duelako eta, software pribatuak ez bezala, edozein enpresak hartu ditzakeen erabakietara lotuta egotea saihesten duelako (adibidez, Microsoft).

Guzti honengatik, ondokoa eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari eta beste Euskal Administrazio Publikoei:

1. Pertsonek Administrazioarekin dituzten harreman guztietan, Software Librea era aktiboan bultzatzea eta sustatzea.
2. Software Librearen erabilera erakunde publiko guztietan eta gizartearen arlo guztietan ezartzea.
3. Guztion zergekin hornitutako aurrekontu publikoa, gizartearen onerako, Software Librearen garapenean inbertitzea.
4. Software Librearen esanahia gizartean zabaltzea eta bere abantaila eta onura anitzak hedatzea.
5. Jende guztia programa libreen erabileran hezitzea, bereziki eskola heziketan.
6. Lekuko enplegua eta independentzia teknologikoa bultzatzea, Software Librearen garapenean erabiltzaile komunitatearekin eta lekuko enpresekin aktiboki lan eginez.
7. Teknologi Berriekin erlazioa duten aurrekontuen esleipenen inguruan eta gai hauei buruz egindako ekintzei buruz era garden eta aktiboan informatzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun