Gaur ordenagailu programa bat erosi dut. Ez da ezer sofistikatua (e-posta irakurtzeko bezero bat) baina itxura oso ona du eta pila bat gauza egin ditzake. Nahiko garesti irten zait, ezin izan baitut erdi bana erosi, neskalagunak, nahiz eta behar duen, ezingo baitu erabili. Gainera urtebetez bakarrik erabili ahal izango dut eta, epe hori pasata berriz ordaindu behar dudala esan didate beste urtebetez erabili ahal izateko. Gainera, jakinarazi didate ezin diedala engainatu: ez ordaintzekotan programa apurtu egingo da eta ezingo dut erabili. Irakurri dut baita, programa hau Ipar Korean erabiltzen badut, legez kanpoko zerbait egiten ari naizela. Eskerrak ez dudan hara bidaiatzeko asmorik! Erosketa hau ez zait errentagarria irtengo, ezin baitut erabili etekin ekonomikoa ateratzeko, "erabilpen ez-komertzialerako" dela diote.
Gero etxean, konturatu naiz programak oso letra txikia erabiltzen duela eta ez ditut gauzak ondoegi ikusten. Informatikaria den lehengusu bati eraman diot ea konpontzerik duen, baina ezin du, ilegala baita. Jada ez dut programa nahi (oso haserre nago) baina ezin diot beste inori eman edo saldu: galarazita dago hau ere.
Nire lehengusuak dio honi "software pribatiboaren eredua" deritzola eta 80. hamarkadaren hasieran etorri zela. Baina badio baita software libre izeneko alternatiba ere badela. "Eta zelakoa da hori?" galdetu diot. "Erraza da", erantzun dit, "bizikleta bat erostearen modukoa da".
Jose E. Marchesi GNU proiektuko kideak "Diagonal" egunkarian argitaraturiko iritzi-artikulua. Mikel Iturbe blogari getxoztarrak itzuli du.
Oharra: UKBERRI.NETeko bestelako edukiak ez bezala, artikuluak honako lizentzia dauka:
Copyright © 2007 Jose E. Marchesi
Permission to copy, modify and distribute derivated works of this article is provided given this copyright notice is preserved verbatim.