Zergak eta tasak bere horretan utzi nahi ditu Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 22a, 14:21

PSE-EE eta PP alderdiekin egindako bilera erronda "etsigarriaren" ostean, tasak eta zergak jaitsi beharrean, 2009rako horiek bere horretan uztea proposatuko du ostiral honetako (irailak 26) osoko bilkuran EAJren Getxoko Udal Gobernu Taldeak. Hain zuzen ere, aipatu taldeekin "inolako akordiotara heltzea ezinezkoa" izan zaiela argudiatu zuen Imanol Landa alkateak, joan den ostiralean emandako prentsaurrekoan, tasak eta zergak jaitsi ez izana defendatzeko. "Abantail fiskal hobeagoak finkatu nahi genituen, baina...", aipatu zuenez. Oposizioko bi alderdiei "negoziatzeko borondate eza" agertu izana egotzi zien udal agintariak. “PSE-EEkoei ezin izan diegu gure proposamena azaldu, PPrekin batera ezohiko osoko bilkuran onartutako Udal Arautegi Organikoari eta tasen eta zergen gaineko akordioari lotutako auzi prozesuak konpontzen ez diren bitartean ez baitute negoziatu nahi; popularrek, berriz, ez badugu beraien proposamenarekin bat egiten, ez dute bestelako proposamenik egingo eta beraiena guk ezin dugu onartu, planteatzen duen zergen jaitsiera handiagatik”, zehaztu zuen Landak. Bada, "krisiaren ondorioak arintzeko", Gobernu Taldeak zerga hobari batzuk indarrean jartzeko 6 proposamen eramango ditu datorren udal batzarrera. Hain zuzen ere, "jarduera ekonomikoa sustatzeko, energia garbiak erabiltzeko edo hutsik dauden etxebizitzak alokatzea bultzatzeko". Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Aitor Soloeta Ogasun zinegotzia, ostiraleko prentsaurrekoan.

Getxon presio fiskala bi urtetan %9,1 jeitsi da Gobernu Taldeak 2009rako tasak eta zergak berriro bere horretan uztea, hau da ez igotzea, proposatuko baitu. “Zerga presioa bi urtetan %9,1 jaitsi dugu, aurten ez baita Kontsumoko Prezioen Indizea aplikatu eta datorren urtean ere ez dugu egingo, hau da, 2007ko tasak eta zergak ez ditugu ikutuko, hobari batzuk indarrean jartzeko ez bada”, azaldu zuen Imanol Landak alkate getxoztarrak ostiraleko prentsaurrekoan. Eustat, Estatistikako Euskal Insitutoaren azken datuen arabera, erabaki horrek suposatzen du presio fiskalari dagokionez, Getxo Bizkaiko 112 udalerrien zerrendako azken postuetan dagoela gaur egun. Hori diote, behintzat, udal arduradunek. “Lehenengo 50 udalerrien atzean gaude eta EAEko hiru hiriburuetatik urrun, gainera beraiek eduki ditzaketen antzeko kalitatezko zerbitzuak mantentzen. Getxoko tasen eta zergen gaineko benetazko irakurketa da hori eta hortik aurrera zerga zehatz baten irakurketa interesatua egon daiteke”, nabarmendu zuen tokiko agintariak.

"Mezu garbia" herritarrei

Alkate getxoztarrak honako "mezu garbi" hau bidali zien herritarrei: “Konszienteak gara bizi garen egoera ekonomiko zailaz eta horren arabera jokatzen ari gara udal zergak jaisten, baina horren aurrean konszienteak ere izan behar gara, egoera ekonomikoak ere bere ondorioak dituelako Udalean, kontsumoari lotutako zergen eta tasen, merkatal aldaketen eta jarduera ekonomikoaren bilketan jeitsiera izango delako”. Ildo horretan, Landak aipatu zuen Udalak diru gutxiago bilduko duela eta diru sarrera nagusia den Bizkaiko Foru Aldundiaren Udalkutxatik ere gutxiago jasoko duela. ”Beraz, presio fiskala jaitsiz, erantzunkizunez bilatzen ari gara, udal zerbitzuak emateko baliabide nahiko edukitzeko beharra eta auzokideei presio fiskala arintzearen arteko oreka”, azaldu zuenez.

Ezarri beharreko hobariak

"krisiaren ondorioak arintzeko", Gobernu Taldeak zerga hobari batzuk indarrean jartzeko 6 proposamen eramango ditu datorren udal batzarrera. Hain zuzen ere, "jarduera ekonomikoa sustatzeko, energia garbiak erabiltzeko edo hutsik dauden etxebizitzak alokatzea bultzatzeko".

Eraikitze, Instalazio eta Lanetako zergan kuotaren %95eko hobaria planteatuko da interes bereziko edo udal erabilerako jardueretan, enplegua sortzeko eragin zuzena edukiko baitute.

Ondasun Higiezinen Zergan Eusko Jaurlaritzaren hutsik dauden etxebizitzen programaren barruan utzitako etxebizitzetarako zergaren %50a jaistea proposatuko da eta gauza Berbera Foru Aldundiaren edo Udalaren antzeko beste programa batzuetakoetarako. Eguzkitik datorren energia aprobetxatzeko sistemak ipini dituzten etxeetarako ere %50ko hobaria ere planteatuko da.

Azkenik, Trakzio Mekanikodun Ibilgailuen Zergan ingurugiroa hobetzeko motor hibridoak erabiltzen dituzten ibilgailuetarako %50a murriztea planteatzen da.

Gainera, datorren urtean familia ugarirentzat beste dirulaguntza zuzen batzuk proposatuko ditu Udalak, erosteko ahalmenari lotutakoak eta 2008koak hobetuko dituztenak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun