Kultur Leioak bere laugarren urteurrena ospatuko du “Invasores del espacio” lanarekin (argazkian).
Rayuela Producciones taldearen antzezlan hau Jose Ramon Aketxe eta Errekalde plazetan izango da ikusgai, irailaren 26an, ostiralarekin, 22:00etan. Ikuskizunerako sarrera doanekoa da. Ekitaldi horrekin, Kultur Leioak leioaztar guztiak egin nahi ditu efemeride honen partaide. Horretarako, aurreko edizioetan legez, produkzioari eta eszenaratzeari begira txundigarria den ikuskizuna programatu da. Oraingo honetan, Rayuela Producciones-ek bideoartea, antzerkia, ekintza, performancea eta plastika uztartzen dituen ikuskizun bisuala aurkeztuko digu. "Kultur Leioaren bizitzako lau urte hauetan, zentroa herriko kulturaren eta aisialdiaren erreferente bihurtu da. Antzerkia, musika, dantza, zinea, tailerrak, hitzaldiak... arte diziplina desberdinek eta jende guztiari zuzendutako jarduerek osatu dute eta osatzen dute urterik urte arrakasta handia lortzen duen programazioa", adierazi dute tokiko iturriek.