Euskal Herriko Unibertsitatearen adierazpena:
Gaur goizaldean Luis Conde de la Cruz jauna hil eta hainbat pertsonari zauri kontuzkoak eragin dizkien atentatua dela eta, Euskal Herriko Unibertsitateak honako adierazpen publikoa egin nahi du:
Lehenengo eta behin, bere doluminik handiena eta bere elkartasuna helarazi gura dizkie hildako pertsonaren senide, lagun eta lankideei.
Bigarrenik, jende aurrean adierazi nahi du erabat gaitzesten duela atentatu hau. Ez dago inongo argumentaziorik, ez politikorik ez sozialik ez bestelakorik, gizaki bat hiltzea zuritu dezakeenik. Pertsona guztiek daukate bizitzeko eskubidea, eta eskubide hori ezin daiteke inolaz ere kolokan jarri bizitzak berez daukan balioaz kanpoko gorabeherengatik. Unibertsitateak, humanismoaren balioetan, tolerantzian eta iritzien trukean oinarritutako erakunde akademikoa den aldetik, ez du indiferente geratu nahi honelako gertaeren aurrean, jakin badakielako hitzez eta arrazoiaz borrokatu behar dituela halakoak, eta halaxe egiteko premia sentitzen duelako.
Azkenik, UPV/EHUk bat egiten du datozen orduetan antolatuko diren gaitzespen-ekitaldiekin, eta, bereziki, dei egiten die guztiei atentatu hau gaitzesteko eta biktimei elkartasuna adierazteko unibertsitateko campusetan dagoeneko antolatu diren elkarretaratzeetan parte har dezaten.
Leioa, 2008.eko irailaren 22a.