Euskal gudariei omenaldia eskaini diete Uribe Kostako gazte independentistek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 22a, 15:49

Asteburu honetan Uribe Kosta eta Erandio zeharkatu duen UK Martxaren harira, larunbatean ehun bat gaztek omenaldi xumea eskaini zieten "Txabi Etxebarrieta hasi eta gerora etorritako" euskal gudari guztiei. Ekitaldia Barrikan egin zuten, Kantauri itsasoa eta Dabi eta Mario Alvarez Peña anaien omenez jarritako monolitotik gertu (argazkian). Gazte independentistek olerki bat irakurri zuten, "zauri sakonaz jantzitako lur hau defendatzeko deliberoa hartu" zutenak gogoan, Orreagan, Amaiurren, Matxitxakon, Boluetan, Itzubaltzeta / Romon eta beste hainbat lekuetan eroritakoak oroituz. "Libertatearen aldeko gerran, libertatea galdu" zuten eta dutenei aurreskua dantzatu zieten mirespena eta errespetua adieraziz. Ekitaldia "Eusko gudariak" ereserkia lau haizeetara abestuz eta "gora atzoko gaurko eta biharko borrokalariak! Gora gure gudariak!" oihukatuz bukatu zuten.

Barrikan irakurritako olerkia:

Orreagan, euskal barbaroak Carlomagnoren batailoi garaitezinen kontra.

Amaiurreko gazteluan, azken 200 nabar-zaldunak, Mirandako erregearen gizonei aurre egiten.

Matxitxako lurmuturrean, itsas-gudariak frankisten ur gaineko Armadaren parean jo eta su.

Egun, odol berbereko ehunaka gazte, gure arbasoek amesten zuten berberagatik borrokan:

Euskal aberri askea!

Behin, armak eskuetan, zauri sakonaz jantzitako lur hau defendatzeko deliberoa hartu zenuten; armen ahotsa mututzeko, behin betiko isiltzeko. baina heriotzak bortxaz eraman zintuzteten gure besarkadatik, bai. Memento horretan, azken begirada atzera bota eta zuon ahoan duintasunak eskaintzen duen irribarre pikaroa marraztu zen.

Baina guztiak, banan-banan, hortik jarraitzen duzuela badakigu:

Batzuk, lur-azpiko poltsikoetan gorderik zaudete askatasun haziak ereiten.

Beste batzuk, berriz, izarretan errebelatu zarete bide zidorreko pasarte ilunenak argitzeko asmoz.

Horregatik, hitz labirinto hau kantatzen dizuegu mirespen infinitoz. Orreaga, Amaiur, Matxitxako, Bolueta, Romo, Zornotza, Zaldibia, Besaiden jauzitako gudariei, zuoi. Estatuen harri gatibutza inola ametitzen ez duzuenoi. Libertatearen aldeko gerran, libertatea galdu duzuenoi. Eredu izan zinetenoi eta egun zaretenoi. Harrotasun osoz, lau haizeetara oihu bakarra zabaltzen dugu isiltasunean gailenduz.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun