Getxoko Kultur Etxeak antolatuta, joan berri zaigun asteburuan izan den Erdi Aroko Azokaren VII. edizioak orain arte ospatutakoen bisitari kopururik handiena izan du, 68.000 lagun, neurri handi batean hiru egunetan izan den eguraldi onari esker. Hartara, aurtengo edizioaren balantze oso positiboa egin dute tokiko arduradunek, antolatutako ekitaldi guztietan publiko ugari izan baita; haur jolasetan, ikuskizunetan, dastaketa gastronomikoetan edo artisauen salpostuetan, besteak beste. Bisitari ugari udalerritik kanpotik etorritakoak izan dira: “eguraldi ona eta metroa aprobetxatu dituzte Algortara hurbiltzeko eta kasu askotan egun osoa emateko, Erdi Aroko Azokak eskainitako eskaintza gastronomikoari esker”, Koldo Iturbe Kultur zinegotziaren arabera. Eskulanek ere oso harrera ona izan dute. Kasu askotan artisauek produkturik gabe geratu dira, aurreko urteotan baino gehiago ekarri arren. Beste gai garrantzitsua izan da udalerriko komertzio batzuen partaidetza, apainketa ipiniz eta dendak zabalduz, “era honetan Erdi Aroko Azokaren beste helburuetako bat lortzera lagunduz, hau da tokiko merkataritza berreskuratzera laguntzea”, azaldu du Iturbek. Argazkian, Imanol Landa alkatea eta Kultur zinegotzia bera azoka zabaldu zen egunean.