Iñaki Aurrekoetxea "Sope" zenaren arreba hil egin da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 23a, 16:19

Blanka Aurrekoetxea Zubillaga andra sopeloztarra hil egin zen atzo, astelehena, 41 urte zituela. Blanka 1996an Bordeleko ospitalean hil egin zen Iñaki Aurrekoetxea Zubillaga ETAko kidearen arreba zen. Auzokideek UKBERRI.NETi jakinarazi diotenez, "Blanka orain hil zaigu, 2008an, ihesak jota" eta bere heriotzaren ardura Espainiako Estatuari leporatu diote, saminduta: "Blanka, bere garaiko gazte asko bezala, PSOEk guardia zibilekin batera Euskal Herrian sartutako heroinaren beste biktima bat izan da. Estatuaren biktima da". Era berean, gogoratu dute Aurrekoetxearen koadrilako hainbat kidek antzeko arazoengatik hil zirela 80 eta 90 hamarkadetan. Elizkizunak gaur egingo dituzte Sopelako San Pedro elizan, arratsaldeko 7etan. Azken agurra, baina, igandean emango diote. Egun horretan, goizeko 12etan, Barrikako monolitoan (argazkian) botako dituzte Blankaren errautsak.

Blanka Aurrekoetxea 1998an atxilotu zuten, Urko Labeaga, Karlos Garrido, Txabi Moreno eta Olga Sanz sopeloztarrekin batera. Aurrekoetxeari Moreno eta Sanz Bizkaiko komandoko kideak etxean ezkutatu izana leporatu zioten eta hori dela eta hainbat hilabete eman zituen espetxean, Alfredo Llorentek bere bikotekidea bezala. Aurrekoetxea behin eta berriro borroka armatuaren aurka azaldu zen eta kartzelan uko egin zion EPPK-ko kide izateari. 2002an Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu zuen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun