Iraileko azken ostiraleko mobilizazioek , hilaren 26an, "salbuespen egoera" salatzea izango dute helburu, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez adierazi duenez. Hartara, besteak beste, azken egunotako 18 atxiloketak; Eusko Abertzale Ekintza, EHAK, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasunaren legez kanporaketak; eta Espainiako Auzitegi Nazionalak Jagoba Terrones berangoztarrari eta 33/01eko beste 20 auzipeturi ezarritako kartzela zigorra eta horietatik 11 berehala espetxeratzeko agindua salatuko dute bihar. Uribe Kostan eta Erandion zortzi elkarretaratze izango dira: 19:30ean, Armintzan, bus geltokiaren aurrean; 20:00etan, berriz, Erandion, metro aurrean; Leioan, Boulevardean; Itzubaltzeta / Romon, Xake plazan; Algortan, Telletxe plazan; Berangon, Gudari enparantzan; Sopelan, udaletxe aurrean eta Urdulizen, BBVAren aurrean. Ondoren, taloak egingo dituzte Leioako Kurkudin eta Algortako Amnistia tabernetan. HIlaren 27an, larunbatarekin, berriz, Gudari Eguna egingo du ezker abertzaleak. 1975an izandako Txiki eta Otaegiren fusilatzea gogoratzen da egun horretan. Argazkian, joan den ostiralean ehunaka lagunek salatu zuten "salbuespen egoera" Algortako kaleetan.