Areetan emandako prentsaurrekoaren hasieran, "murriztu edota ezabatu daitezkeen gastu" batzuk aletuz joan da Arrue: komunikazio eta protokolo partida, PPren aburuz %45 igo dena 2007n; eguneroko gastuen %12,6ko igoera; San Inazio eguneko txirrindularitza lasterketarako areken jaitsieran "urtero eta egun horretarako soilik" erabiltzen diren 30.000 euroak, PPk aspaldi "betiko baliagarria izango litzatekeen areken jaitsiera eskatu zuen arren"; eta, azken adibidetzat, popularrek hainbatetan salatu duten eta Udalbatzak konpontzeko eskatu duen Areetako Xake plazako karparen afera. Arrueren arabera, urtero 300.000 euro xahutzen dira bertan.
Aipatu gastu joera hori betidanik kritikatu badute ere, popularrek krisialdi egoeran inoiz baino gehiago "berraztertzeko gastuak" direla uste dute. Horren ordez, "baliabide horiek lanpostuak sortuko dituzten ekimenetara eta inbertsioetara bideratzea" eskatu dute. Norabide horretan gogoratu dituzte zergak eta tasak murrizteko egindako proposamena eta baita PSE-EEk zinegotzien soldatak murrizteko aurkeztuko duen mozioa ere. Eta biak ontzat eman badituzte ere, krisialdiari zuhurtziaz jokatzeko unea dela iritzi diote: "krisialdiak zenbat iraungo duen ez dakigu. Aldiz, beherantz doan gure hirugarren sektorea berrindartzeko non inbertitu behar dugun jakiteko premia dugu. Era berean, aurreztu ere egin beharko dugu, bada ez bada ere", esan du Arruek.