Testu hau prestatzerakoan burura etortzen zaizkigu une desberdinak, kontrajarriak baina errealitate baten bi aurpegi: Algortako Mentxakabarri gaztetxearen hustuketa bortitzean, Koska irratian goizeko magazina egiten genuela eta bat-batean telefonoak jo zuen estudioan. Erresistenziarako dei garrantzitsua. Mentxakabarriren teilatuetan zutik zegoen gazte batek deitu zigun gertatzen zenaren salaketa emateko. Gazteriaren indarra eta determinazioa Uribe Kosta osora zabaldu genuen uhinen bidez deiari oihartzuna emanez.
Edota Txorimalo gaztetxearen lehenengo urtebetetzea eta Erromoko “Itzubaltzetako” gaztetxearen Folixa Asturiarraren ospakizunak ere. Zuzeneko emisioak burutu genituenean, gaztetxeak irratiko estudioak eta irratia gaztetxearen gela berri bat bilakatuz. Negar ttanttak, haserrea eta poztasuna. Energia eta gasolina bidean jarraitzeko.
Gaztetxe bat husten diguten bakoitzean, ahotsak isilarazten dizkigute baita alderantziz ere. Beraz, lanera!
Mila esker Hala Bedi, mila esker Gasteizko gaztetxea libreago izateko aukera emateagatik. Jaso ezazue besarkada bero bat Koska irratia egiten eta entzuten dugunon partez. Gure eredu zarete eta.
Besteoi, urriaren 11n egingo den Piztu Gasteiz ekimenera gonbidatu nahi zaituztegu. Kaleetan ikusiko dugu elkar!
Herri bat, gaztetxe bat. Herri bat, irrati libre bat.
Koska irratia, Uribe Kostako irrati librea
Irrati libre eta gaztetxeak gizarte berri baten oinarriak dira, gaur egungo laborategi sozialak, formula berriak bilatzeko. Elkarlanean, autogestioan oinarritutako ametsa, auzokideen arteko topagunea. Gazteak, helduak, pentsamendu kritikoa, ardura horizontala, ideien lantegiak, komunikazioa eta antolakuntza. Su berriak pizteko egurra. Hitz batean: auzolana. Txorionak