Getxo udalerriko kultur etxe nagusia hartuko du etorkizunean Itzubaltzetak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 25a, 20:32

Getxoko Gobernu Taldeak Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan izango den kultur eraikin berriaren proiektua idazteko eta lana zuzendu eta ikuskatzeko txostena martxan jarri du, 340.000 eurotan. Hori sei hilabeteko epean esleitu ahal izango dela aurreikusten dute, mota honetako kontratuek edukitzen duten ohiko epean, bere zenbatekoa kontuan hartuta Europar Batasunaren Egunkari Ofizialean iragarri behar delako". Horrenbestez, antzinako eskoletako eraikita bota eta berria altxatuko dute toki berean. Gainera, behin eraikita, kultur areto berriak hartuko ditu denbora batez Ibar Nagusien Etxea eta Getxoko Udal Euskaltegia. Aipatu zerbitzuak hartzen dituen Lope de Vega kaleko etxea zaharberritzeko asmoa ere badauka Udalak. Dena den, 2007ko azaroan, Imanol Landa alkateak lan horiek legealdi honetan hasteko konpromisoa hartu arren, ez dago horren argi. Izan ere, 2011 baino lehen hasiko omen dira kultur etxe berria egiten, baina ez dakite "agintaldi honetan edo hurrengoan" amaituko duten. Hala ere, "arkitektoek esandakoan oinarrituta", udal arduradunek adierazi dute obrek ez dietela eragozpenik ekarriko Santa Eugenia plazan egin ohi diren kultur jardueretan, ezta herriko jaietan ere. Argazkian, apirilaren 19ko Itzubaltzetako Koadrilen Eguneko herri bazkaria, Santa Eugeniako eskolak atzean.

Imanol Landa alkateak, atzoko prentsaurrekoan adierazi duenez, “gaur egun Santa Eugeniako antzinako eskolak dauden lekuan eraikiko da auzo etxe berri hau –eraikin zaharra botako baita– eta udalerriko Kultur Etxe nagusia izango da. Azpiegitura moderno eta potente izango da, Kulturari, Arteari eta, batez ere, Getxon dugun elkarte mugimendu garrantzitsuaren beharrei zuzenduta”. Eraikin berriak ez omen dio eragingo plazari, ez etxebizitzei, ezta parking-ari ere. Tokiko agintariaren aburuz, “ilusio handia sortzen duen proiektua da hau, eta udalerriarentzat proposatzen dugun modernizazio prozesuaren pieza berri baten aurrean gaude. Getxo berriaren aldaketaren oinarriak ipintzen ari gara, orain arte beste ekimenetan egin dugun bezala, hots, metroaren lurperatze lanak; Getxo Antzoki berriaren eraikuntza –urtearen amaieran hasiko dira eraikin zaharra botatzen–, edo Bake Ederren eta gaur egun Areetako merkatuaren egoitzan kokatuko den Biscaytik proiektu teknologikoa. Aldaketa hasi da jada eta horren emaitzak epe laburrean ikusi ahal izango dira”.

Eraikinaren ezaugarriak

Eraikin berriak, bataz beste, 4.000 metro koadro izango ditu –egungoa baino bost bider hardiagoa–, eta sotoa, bost solairu eta atikoa izango ditu. Sotoan, makinagintzaz gain, biltegia, kamerinoak eta ekitaldi aretoa jarri nahi dituzte. Azken hori, eta arrapala mugikor baten bitartez, beheko solairuan egongo den beste aretoarekin lotu ahal izango da, horrela lekua handituz. Beheko solairuan, ekitaldi aretoaz gain, harrera gela jarriko dute, hala nola, erakusketa gela, Herritarrei Arreta emateko Bulegoa (gaur egun zaharberritu beharreko eraikinean dagoena) eta administratzaileen bulegoak. Lehenengo solairuan nagusientzako eta haurrentzako liburutegiak egin nahi dituzte; bigarren solairuan ludoteka, erabilera anitzeko (eskolak, ikastaroak, dantzak, multimedia…) gelak; hirugarren solairuan ikasteko gela, tailerrak eta kulturgunea (elkarteek komunean erabiltzeko gunea); laugarren solairuan hitzaldietarako eta tailerrak egiteko gelak; eta atikoan musika taldeen, dantzen eta abesbatzen entseguetarako aretoa. Eraikin osoa Wifi-a izango du.

Koldo Iturbe Kultur zinegotziak aurreratu duenez, “lokalak erabiltzeko politika ez da aldatuko, hau da, ez da erabilera esklusiboa egongo inolako elkarterentzat. Eraikina zabalik egongo da egunero -asteburuak barne- eta ordutegia gaur egun dagoena baino zabalagoa izango da. Leku berri honekin Romo auzoa dinamizatu eta bertoko parte-hartzea bultzatzea espero dugu, baita udalerri osokoa ere”.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun