Landak esan du “Gobernu Taldea PPrekin eta PSE-EErekin hitzarmenak lortzeko esfortzu posible guztiak" egiten ari dela: "osoko bilkuraren proposamenak aztertzeko denbora luzeagoa eskatu zuten eta onartu ez zuten epea proposatu genien; Gobernu Taldeari proposatutako gaietatik epeen barruan zeintzuk eztabaidatu ahal ziren galdetu eta batere ez erantzun ziguten. Denbora eman eta gai gutxiago aztertzea proposatu genien eta erantzuna beti izan da ezezkoa. Getxorako onuragarriak izan daitezkeen akordioak lortzea ere planteatu genien, baino edukirik gabeko udalbatzara joatea nahiago dute”, azaldu duenez.
Alkate getxoztarraren ustez, “ezin da era honetan udalerria geldiarazi, aurrekoetan PSE-EEren eta PPren moziorekin oniritzia eduki duten proiektuen kontra bozkatzen, hau da, Luis Lopez Oses kalearen erreformaren kontra edo Gobelaurre parkearen kontra, duela gutxi defendatu dituztenak. Biharko osoko bilkuran, esate baterako, PSEk Romo auzoarekin duen konpromisoa era koherentean erakusteko ezinbesteko aukera edukiko du, ez hitzekin, baizik eta jokabiderekin. Hala ere, auzo horretako pertsonentzat hain garrantzitsuak diren proiektu horietarako dirua zuzentzearen kontra bozkatuko duela iragarri dute”. Landak argi utzi nahi izan du Gobernu Taldea "lasai" dagoela, "bide guztietatik ahal den punturaino gestionatzen ari delako” eta, alderdioi aurpegiratu dienez, “ez da nahikoa Gobernu Taldearen proposamen guztiei ezetz esatea; herritarrei azaldu beharko die zergatik oztopatzen duten Areeta kluba diruz laguntzea, babes ofizialeko 9 etxebizitza eraikitzea eta abar”.