Getxoko Udalak presoen etxekoei espetxeetako bidaien kostua arintzeko ematen zien dirulaguntza bertan behera uztea egotzi dio tokiko EAJri berari Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Etengabe bitakoran zabaldutakoaren arabera, "ez da kontu berria". Eta hori argudiatzeko hainbat adibide aipatu (2007ko maiatzean, 2007ko otsailean, 2006ko azaroan, 2006ko maiatzean…) dituzte. "Azken urteetan hartutako jarreraren ildotik erabaki dute dirulaguntza urria kentzea. Adarra jotzen ibili zaizkie azken urteetan: behin eta berriro emango dietela esan, gero baldintza betezinak ezarri, horrela joan eta etorri, azkenean kasurik ere ez egiteko", salatu dutenez. Errepresioaren aurkako erakundearen hitzetan, azken urteetako dirulaguntza ez diete ordaindu, "udal aurrekontuetan diru partida hori sartuta dagoen arren". "2008ko aurrekontuan ere sartuta dago, baina eurek jakingo dute zer egingo duten diru horrekin", gaineratu dutenez. "EAJren argudioa beti berbera" izan dela ere salatu dute: dirulaguntza hori Eusko Jaurlaritzan eskatzea dutela, alegia. Argazkian, Etxeratek deituta Algortan astean zehar egin ohi den enkartelada / Etengabe.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!