Itzubaltzetako kultur etxe berriaren proiektua kolokan jarri du PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 25a, 21:53

Santa Eugenia plazako kultur etxea bota eta bertan udalerriko kultur etxe nagusia eraikitzeko proiektua gauzatuko den zalantzan jarri dute Marisa Arrue eta Eduardo Andrade Getxoko PPren bozeramaileek: "atzo, Santa Eugenian kultur etxerik hoberena eraiki eta 7,5 milioi euro gastatuko dituztela esanez irten zen alkatea. Ondo deritzot, Romok behar du, baina nondik aterako du alkateak diru hori? Beste alderdiekin kontsultak egin ditu? Badu dirua proiektu hori aurrera eramateko? Bada, nik uste dut ezetz", azaldu du Arruek. Oraindik popularrek ez dute erabaki Santa Eugeniako kultur etxe berria babestuko duten baina dagoeneko alkateak proposatutako eredua eta finantziazioari buruzkoak hausnarketa behar dutela esan dute: "lehenengo, dirua nondik aterako duten jakin behar dugu. Gero, zonalderako proiektu egokiena den, aukera guztiak aztertu behar baitira eta agian, besteren bat hobea izango da".

Eduardo Andrade ekonomia eta ogasunaz arduratzen den zinegotzi popularraren aburuz, Imanol Landak "Zarraoak bezala" jokatzen du: "bere proiektua prentsari aurkeztu eta kitto. 'Ez daukat dirurik. Ez daukat babesik...'. Plausta egitera doa". Arruek ere, Landaren jokabideaz kexu agertu da: "horrek ez die auzokideei mesederik egiten. Zaila da horrela auzokideek udalerri honek behar dituen proiektuez onurak ateratzea". Horregatik, Udal Gastu Publikoa Aztertzeko Bulegoa sortu eta bertan alderdi guztien artean proiektua eztabaidatzea eskatu dio Udal Gobernuari.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun