Bi taldeak handigurak dira aurreko ofentsiban eta baloi obalatua hiru laurdenetako linean eskuz jokatzean. Jose Luis Martinez "Karra"ren aburuz, partidari "ilusio eta gogo handiz" ekingo diote Getxokoek: "guztiok dakigu Cajasol zelangoa den. Talderik indartsuena da, plantilla gehien eta hobea duena... baina rugbyan hobeak ez du beti irabazten", dio teknikariak. "Badakigu partida zaila izango dela. Igandean irabazteko guk oso ondo egin behar dugu eta haiek apur bat gutxiago", gaineratzen du "Karra"k.
"Irabazteko giltzetariko bat baloia izatean datza. Obaloa duena eroso sentituko da joko zelaian eta aukerak izango ditu. Jokalariak mentalizatu dira oso eta haiek [sevillarrek] uneoro presionatuta senti daitezen guztia eman beharko dutela badakite", azaltzen du Martinezek, "zalantzaren aurrean ezin dugu arriskatu, gustura eta gogoz jokatu behar dugu".
Hainbat baja izango ditu Getxok igandean
Baina, Jabitxin eta Karrak hainbat jokalari gutxiagorekin egin beharko diote aurre Andaluziakoei. Izan ere, Aitor Etxebarria kizkurgune bat dauka eta Jorge Rodriguez oraindik ez da osatu izandako ebakuntzaren ostean. Jeremias Palumbo Faduran izango den ere ikusgai dago, pasa den astean saihetsetan jaso zuen kolpeak oraingoz ez baitio entseguak ondo egiten utzi. Gorka Garate ere zalantza izango da azken unera arte.
Bestalde, Cajasol Ciencias taldeak bere gizonik onenak izango ditu partidan. Juan Arenasen taldeak Sam Harding ingelesa; Zelanda Berriko Kurt Morath eta Puanani Hunia, hiru laurdenetan; Anthony Berrichon hegal frantsesa; eta Lea Fernandez Aranburu bigarren linea jarriko ditu, besteak beste Fadurako zelai gainean.