Erregimen frankistak fusilatu eta 33 urtera, ETA erakunde armatuko kide izandako Juan Paredes "Txiki" zarauztarra eta Anjel Otaegi azpeitiarrari omenaldia egin diete eguerdian, Algortako Kasino plazan -ondoren manifestazioa egin dute-, ehun lagun inguruk. Hala ere, "eroritako Uribe Kostako gudariak" ez dituzte ahaztu nahi izan bertan bildutakoak. Aitor Elortza eta Xabier Galdeano algortarrei, Luis Maria Zuluaga “Zulu” pinuetarrari, Iñaki Aurrekoetxea “Sope” eta Dabi eta Mario Alvarez sopeloztarrei eta Eugenio Gutierrez "Tigre" leioaztarrari ere eskaini dizkiete aurreskua eta krabelin gorriak. Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan, lehen aipatutakoez gain, herrian bertan hildako Jon Etxeberria “Beltza” amezketarrari eta Jon Pagazaurtundua “Pagaza” laudiotarrari ere egin diete gorazarre 40 lagun inguruk. ETAko militante gazteak 1973ko azaroaren 28an hil ziren, Lope de Vega kalean, auto batean lehergailua jartzen ari zirela esku artean eztanda egin zienean.
Giza katea
Hain zuzen ere, toki horretara abiatu dira gero, giza katean, bertan ere lore eskaintza egiteko. Horretaz gain, "eroritako azkenak" gogoratu dituzte, Cabo Verden hil zen Endika Iztueta santurtziar iheslari politikoa tartean. Bitartean, Txabi Etxebarrieta bilbotarretik hasi eta Iztuetara heldu, hildakoen eta desagertuen (Jean-Louis Larre "Popo" eta Edorta Moreno Bergaretxe "Pertur") izenak oroitzeko kartelak jarri dituzte Itzubaltzetako kaleetan; 197 izenez osatutako zerrenda luzea, hain zuzen. Algortako Telletxe kalean, berriz, Txiki, Otaegi, Mario, Dabi, Sope, Zulu, Tigre, Galdeano eta Elortzaren argazkiak jarri dituzte ikusgai. Algortan bertan "eroritako" Eustakio Mendizabal "Txikia" ETA erakundeko kidearen irudia, ordea, ez da inon agertu. Ez Algortan, ezta Itzubaltzetan ere.