Irailero bezala, larunbat honetan (hilak 27), ttakun doinuez beteko dira Algortako kaleak. Izan ere, biharko, V. Txalaparta Jaia antolatu du Uribe Kostako Txalaparta Ekimenetarako Sustapen Taldeak (UKTEST). Horrenbestez, 11:00etan emango diote hasiera ospakizunari, San Nikolas plazan -bertan izango dira ekitaldi gehienak-, gune ezberdinak zabalduz (umeentzakoa, hasi berrientzakoa eta txalaparta saioen gunea). Izan ere, hurbiltzen den jende guztiari txalaparta hobeto ezagutu eta, aldi berean, musika tresna hori jo ahal izateko aukera ematea da helburu nagusia. "Bestalde, txalapartariak biltzeko aukera ere ematen du jai honek, txalapartaren inguruan jai giroan biltzeko aukera emanik hurbiltzen den orori", UKTESTeko kideek gaineratu dutenez. San Nikolasen aurkituko dituzte batzen diren guztiek gure arbasoen musika tresnaren inguruko informazio erakusketa (panelak) eta txalaparta txikiak egiteko tailerra. Baita txalapartaren inguruko tresnak eta UKTEST elkartearen materiala erosteko gunea ere. Argazkian, UKTESTeko bi lagun txalaparta jotzen, hainbat umeren begiradapean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!