Atzoko partida hasi bezain laster, argi gelditu zen Faduran puntuan poltsikoratu nahi dituen kanpoko taldeak gogor lan egin beharko duela aurten. 4. minuturako, Getxo Artea markagailuan aurretik zegoen jada, Pedro Guadamurok entsegua lortu eta Jeremías Palumbok transformatu ondoren (7-0). Ordutik aurrera, lasaitasunez hartu zuten partida hori-beltzek, lehenengo ordu erdian jokoa guztiz kontrolatuz. Atsedenaldira iritsi baino lehen, gainera, zigor kolpea gauzatu zuen Palumbo argentinarrak eta Abatek bigarren entsegua egin zuen eta Palumbok transformatu, hutsarte 17-0 emaitzarekin joanez. Bigarren zatia hasita, partidan sartzen ahalegindu zen Cajasol Cienciasek, baina ez zuen emaitza handiegirik lortu. Zigor kolpe bakarra gauzatu zuten (17-3), Zelanda Berriko Kurt Morath-en bitartez. Bitartean, defentsan eutsita, puntu gehiago ere erdiesteko aukera eduki zuten Getxo Arteakoek. Lau jaurtiketa erratu zituzte hori-beltzek. Azkenean, 66. minutuan, beste zigor kolpe bat gauzatu zuen Palumbok (20-3).
Jose Luis Martinez "Karra": Horrelako partidek balio bikoitza dute
Getxo Arteako jokalari eta entrenatzaileek pozarren zeuden partidua amaitzerakoan. Ezta gutxiagorako ere. Orain aste bete, Anoetan hartutako jipoiaren ostean, garaipen garrantzitsua erdietsi zuten Fadurakoek. "Garaipen handia da, bikoitza balio duten partida horietako bat", adierazi zuen Karrak. "Ia guztia ondo atera zaigu. Horrelako garaipen bat behar genuen, joan den asteko porrotaren ostean. Orain, zortzi puntu eduki genitzakeen. Hala ere, ez da atzera begiratzeko ordua", gaineratu zuenez. Pozik bai, baina, egindako okerrez ere aritu zen Javichin: "Ondo jokatu dugu, baina oraindik asko falta zaio maila fisikoan. Gainera, hasiberrienak izaten diren akats batzuk egin ditugu, ohorezko mailan onargarriak ez direnak", azaldu zuen entrenatzaileak.
Jokalariak:
Jabitxin eta Karrak Alzola, Dani Rodriguez, Peñarredonda, Duran, Lee Williams, Nieto, Lopategi, David Hernandez, Mirones, Palumbo, Guadamuro, Monasterio, Abate, David Martin eta Elder atera zituzten hasieratik, geroago Gaizka Aguirre eta Bittor Aboitiz zelairatzeko. Berriz, Cajasol Cienciasen mutilak honakoak izan ziren: Prieto, Bohorquez, Hattori, Fernandez Aramburu, De Olivera, Bresolin, Harding, Ortega, Aparicio, Morath, Berrichon, Mazo, Paunani, Pînto eta Smith eta, beranduago, Gonzalez, Rocha, Recuerda, Ledesma eta Silvestre.