Kilometroak 2008 jaialdiko antolatzaileen hitzetan, sinplea bezain esanguratsua da aukeratutako logotipoak: euskal ikono bat ekartzen digu gogora, euskal artearen iturriekin bat datorren ikonoa, hain zuzen ere. "Euskal ikonoa ez bezala, logotipo hau hiru atalez osatua dago. Hiru atal horiek indar, bide (Iruran hasi, Anoetan jarraitu eta Laskorainen bukatu), proiektu desberdinen elkargunea irudikatzen dute, elkartasunak eraikitze prozesuan laguntzen baitu", azaldu dutenez. 2007ko maiatzean hasi ziren eraikitzen ikastola berria (horrek hartuko du lehenengo gunea). Eta bere garaian jarritako helburua, behintzat, lortu dute: Lehen Hezkuntzako ikasleek ikastaro berria eraikin berrian hastea, alegia. Eraikin hori irailaren 8an inauguratu zuten.
Eraikitzen
Hain zuzen ere, lekurik ezak dakar eraikin berri baten apostua da aurtengo Gipuzkoako ikastolen aldeko jaiaren ardatza; eta horretara bideratuko dute igandean lortutako dirua. Izan ere, gaur egun Ikastolako gelak 3 kokapen ezberdinetan banaturik daude: ikastolan, udal liburutegian eta barrakoi aurrefabrikatu batean eta gainera jangela zerbitzua eta informatika-tailerra jasotzeko udaletxeko eta apaiz-etxeko aretoak erabiltzen ditu. "Eraikitzen" lemari dagokionez, herriko haur gehienak eta beren gurasoak Ikastolaren ingurunean biltzen dira, horren inguruan eraikitzen dituzte euren arteko harremanak, horren inguruan eraikitzen da herria, txikitik handiagora, etengabeko jardunean. "Guztiok, bide bat, indar bat, lan bat, proiektu bat, Ikastola bat eraikitzen ari gara", adierazi dutenez.