Lau urteko jarduera
2004ko irailaren 30ean okupatu zuten gazteek Errekaganeko Itzubaltzeta gaztetxea. Lehenengo hilabeteetan garbiketa lan gogorrak igarota, makina bat jarduera burutu dituzte Itzubaltzeta gaztetxeko lagunek: mota guztietako tailerrak, bideo emanaldiak, hitzaldiak, kontzertuak, gaztetxeko egitura hobetzeko auzolanak... eta era berean hainbat talde ezberdinei beren azpiegitura utzi diete jarduerak egiteko. Horren lekuko izan dira jai batzordeak, antzerki taldeak, musikariak, kultur eta gazte mugimenduak, euskalgintza, internazionalistak, software askearen aldekoak, sindikatuak, kirolzaleak, presoen aldekoak, pertsonen laguntzarako elkarteak eta abar luze bat. Ondoren etorri ziren herriko gazte lonjetan, parkeetan, institutuan eta kalean egin zituzten inkestak, herriko gazteek beraiek haien errealitatea zelan ikusten zuten ikusteko. Arazo nagusitzat jo zuten koadrilen arteko harreman eta komunikazio ezari erantzunez, gaztetxeak bere funtzionamendua aldatu zuen, kultur emankizun askotarikoak eginez, kirol jarduerak bultzatuz eta koadrilen arteko harremana errazten dituzten ekimenak abiatuz.
Inkestetan agertutako gazteen beste kezka garrantzitsu bat ere izan dute hizpide Itzubaltzetako neska-mutilek. Itzubaltzeta / Romoko herriko denda txikien etorkizun iluna dela eta bertako dendari batzuekin bildu ziren, haien arteko sare lana errazteko asmoz. Gainera, gazteen artean sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpainak bideratu zituzten, bertako dendetan erosteko.
Kultur jarduerekin batera, iaz zein aurten etxebizitzaren gaiari ere heldu diote gaztetxeko kideek. Alde batetik, gaiaren inguruko informazioa bildu dute, zenbaki gorri gordinak era errazean azaltzeko. Beste aldetik, eragile "espekulatzaileei" leporatu diote haien ardura. Ibilbide hori guztiori gogoratzeko, hobetzeko eta saritzeko urteurreneko jaialdi luzea jarri du abian zentro okupatuak.
Etxebizitza: Itzubaltzeta / Romon bizi nahi dugu!
Etxebizitzaren egoera ikusita, batez ere gazteriari begira, Itzubaltzetako Gazte Asanbladak horren inguruko borroka bat abiatu zuen, etxebizitza eskubidea dela –eta ez pribilegioa– aldarrikatzeko. Honako puntuetan laburbiltzen da IGAk egindako azterketa:
1.- Gazteria "ama-aita" hotelera kondenatuta.
Argi dago gazteria independizatu behar dela (EAEko gazteriaren kontseiluaren aburuz, %89 bizi da gurasoekin), baina ezinean gaude!! Etxebizitzaren prezioa 1998tik %91 igo dela argi eta garbi erakusten duen moduan (La Caixak 2008n argitaratutako datuen arabera). Gainera, bitartean soldatek %27 baino ez dira hazi.
Itzubaltzeta / Romon, metro karratuaren bataz besteko prezioa 4.257 eurokoa da, eta inolako egonkortasunik gabeko gazteok ordaindu beharrean gaude. Izan ere, INEMeko 2006ko datuen arabera lan kontratuen %66 aldi baterako dira. Egoera hau ez da naturala, baizik eta negozio bilakatu den eskubide baten, etxebizitza izateraren, urraketarena.
Honela banatzen da etxebizitzaren prezioa merkatu librean:
- %60a zoruaren balorea (atera kontuak lur zoruen berkalifikazioaren negozioaz!!).
- %25a konstruktorek eramaten dute (euren gastu guztiak barne).
- %15a zergak.
Bestetik, esan behar da bankuek, espekulatzaileek (eraikitzen diren etxebizitzen herena espekulaziorako da), inmobiliariek eta abarrek ere negozio honetan parte hartzen dutela.
Guzti horregatik, EAEn, hipoteka baten batazbesteko iraupena 26 urtekoa da. Hala ere, interesak direla eta, etxebizitzen prezio erreala ia bikoizten da, gutxi gora-behera 92 milioietara ailegatuz.
Dena dela, gazteria erostearen ezintasunean aurkitzen denez, alokairura jotzen du normalean, auzoan bizitzeko gutxienez 800 euro ordaintzera beharturik.
2.- Zer "alternatiba" saltzen digute?
Askotan, BOEez (babes ofizialeko etxebizitzak) hitz egiten da, baina hauek gazteontzako irtenbide bat izatetik urruti daude, zozketa huts bat direlako. Zozketa horretan parte hartu ahal izateko gutxieneko soldata urteko 9.000 eurokoa da, gutxieneko soldata interprofesionala 7.200 eurokoa den bitartean. Horrela, behartsuenak loteria horretan parte hartu barik geratzen dira. Bestetik, gehieneko soldata parte hartu ahal izateko 43.000 eurokoa da. Nork kobratzen du halakorik??!!
Zozketa hau, askotan aldez aurretik hitzartuta dagoena, etxebizitzaren negozioa zilegiaraztea dakar soilik, herritarrak pozik edukiz, etxe bat tokatzearen zain!! Horregatik, BOEek, eraikuntzaren negozioa betikotzea baino ez dakarrela uste dugu. Oso adibide garbia Getxoko LZParena (Lurralde Zati Plana) da, zeinek gutxienez 7.000 etxeren eraikuntza aurreikusten duen Azkorrin, herriko azken baserri gunea suntsituz.
Itzubaltzetako Gazte Asanblada, Azkorriko txaleten eraikuntzaren aurka agertzen da, lehenago Getxon dauden 3500 etxebizitza hutsei irtenbidea eman beharko litzaiekelako. Izan ere, etxe berriak eraiki arren hauen prezioa ez da jaisten. Konklusioa: egoera honen aurrean, gazteoi batzea eta borrokatzea beste irtenbiderik ez zaigu geratzen, inork ez digulako ezer oparituko. Bizitza ederregia da makurturik emateko.
Lau urtez... herria astintzen!
Itzubaltzeta gaztetxearen 4. urteurreneko egitaraua:
Asteartea, irailak 30
19:30ean, urteurrenaren aurkezpena, hainbat ezusteko tarteko (gaztetxean)
Astelehena, urriak 6
19:30ean, kukaña eta autoekoiztutako txalupa txapelketak (Gobela ibaian)
Asteartea, urriak 7
19:30ean, Gorrondatxe abesbatzaren emanaldia (Santa Eugenia plazan)
20:00etan, Bizkaiko okupazio mugimenduari buruzko hitzaldia (gaztetxean)
Asteazkena, urriak 8
18:00etatik 20:00etara, eskalada-murrua, ping-pong eta mahai-futbola (Santa Eugenia plazan)
20:30ean, "Zetazeak" antzezlana (gaztetxean)
Osteguna, urriak 9
18:00etatik 20:00etara, eskalada-murrua, ping-pong eta mahai-futbola (Santa Eugenia plazan)
20:00etan, "Emboscada de Pasaia" liburuaren aurkezpena (gaztetxean)
Ostirala, urriak 10
18:00etatik 20:00etara, eskalada-murrua, ping-pong eta mahai-futbola (Santa Eugenia plazan)
20:00etan, Mani-Fest-Akzioa (Santa Eugenia plazan)
21:00etan, Klaro Ke Si eta Sagradole kantautoreen emanaldia, eskenatoki irekia eta karaokea (gaztetxean)
Larunbata, urriak 11, Gazte Eguna
12:00etatik 14:00etara, eskalada-murrua, puzgarriak, tirolina, tailerrak, ping-pong eta mahai-futbola (Herri Gunean, Santa Eugenia plazan)
12:00etatik 14:00etara, munduko borrokak, hip-hop eta eragileak (Borroka Gunean, elizan)
12:00etatik 14:00etara, musika folk, grafittilariak, harrizulatzaileak, bertsolariak eta herri azoka (Kultur Gunean, Areetako Xake plazan)
15:00etan, herri bazkaria, pailazoak eta trikipoteoa herrian zehar.
21:00etan, kontzertua: Hesian, D.A.R. eta Fredirenak erromeria taldea.
Igandea, urriak 12
14:00etan, lehiaketa gastronomikoa (gaztetxean)
16:00etan, espekulatzaileari tiro (Santa Eugenia plazan)
20:00etan, film laburren emanaldia: "Ahora" eta "Muchos cuerpos para un funeral" (Santa Eugenia plazan)
Itzubaltzeta gaztetxea
Errekagane 1-5. 48930 Itzubaltzeta / Erromo. Bizkaia.
Itzubaltzetagaztetxea[abildua]mundurat.net
http://www.blogari.net/itzubaltzeta