Espainiako Auzitegi Nazionalak 1.481 urteko espetxe zigorra jarri dio Manex Zubiaga algortarrari eta 1.476koa Lexuri Gallastegui berangoztarrari, 2001eko azaroaren 6an Madrilgo Corazon de Maria kalean lehergailua jarri izana leporatuta, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Juan Junquera Poliziako Unitate Zientifikoko idazkariordearen aurka atentatua egitea omen zen ETA erakunde armatuko talde horren helburua, 35 kilo lehergaiz betetako bonba autoa eztandaraziz. Atentatuan 94 lagun zauritu ziren. Madrid, Salamanca eta Toledoko hainbat etxebizitzetan egindako "miaketetan aurkitutakoan oinarrituta", armak eta lehergailuak izatea, ibilgailuak lapurtzea eta erabiltzea, 95 hilketa saiakera, hilketarako konspirazio egitea, eta kalte handiak eta dokumentu-faltsutzea egiteagatik zigortu ditu Zubiaga eta Gallastegi Auzitegi Nazionaleko Penal arloko hirugarren aretoko Alfonso Guevara epaileak. Argazkian, presoen aldeko mobilizazioa Berangon.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!