Drogomenpekotasuna aurrezaintzeko tenikaria kontratatu du Leioako Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 30a, 16:21

Leioako Udaleko Gizarte Zerbitzuek drogomenpekotasun arloa indartu berri dute aurrezaintzako emakume teknikari bat kontratatu dutela. Izan ere, gaur Isabel Garcia Ezker Batuko zinegotziak prentsa aurrean agertu duenez, Leioak dagoeneko 15 urte daramatza eskoletan drogomenpekotasuna saihesteko eta osasunean hezitzearen aldeko proiektuan lan egiten. Hortaz, giza baliabide berri honek Gizarte Zerbitzuak gazte zein umeekin garatzen dituen programak sakontzea eta koordinatzea ahalbidetuko du, eta bestetik, programa hauek anitzak izateko eta herritarrengandik hurbiltasun handiagoa izateko ordu gehiago bideratu ahal izan dira, ahaleginak eraginkorragoak eta parte hartzaileagoak bilakatuz. Zinegotziaren arabera, ikastetxeek, irakasleek eta gurasoek urte guzti hauetan "proiektuari emandako harrera onak", lorturiko emaitzek eta Gizarte Zerbitzuei egindako "gero eta eskaera handiagoak" bultzatu dute proiektuan "aurrera pausuak ematea" eta teknikoaren lanpostua behin betikotzea. Bestalde, Leioako ikastetxeek drogekin dabiltzan ikasleen berri emango diete Gizarte zerbitzuei.

Azken datuen arabera joan den urtean lehen hezkuntzako 1.400 ikasle eta 73 irakasle hartu zuten parte. Bigarren hezkuntzan, berriz, 900 gazte eta 42 irakasle. Gainera, lehenengo aldiz, 16 urtetik gorako gazteekin egin zen lan eta Lanbide Hastapeneko Zentroan eta batxilergoan 58 ikaslek eta 15 irakaslek jardun zuten proiektuan. Teknikari berriak indartuko duen proiektu hori hiru programa ezberdinetan banatzen da hartzailearen arabera: eskola, sendia eta gazteria.

Eskola programari dagokionez, aipatzekoa da adinaren arabera drogomenpekotasuna saihesteko proiektuan erabiltzen diren estrategia ezberdinak. Horrela, proiektua lehen hezkuntzako 5 urteko neska-mutilekin abiatzen da, norberaren heldutasunerako oinarriak jarriz eta beti irakasleen bitartez, aurretik horri teknikariak behar dituen material tekniko eta hezkuntza eman dizkiola. Ekintzarik ikusgarriena txotxongiloen antzerkia da, alegia.

Ikastetxeek drogekin dabiltzan ikasleen berri emango dute

Teknikariak ez dira gelara sartzen ikasleek 12 urte dituztenera arte. Adin horretan, bigarren hezkuntzakoei droga bakoitzaren inguruko informazio eta azalpenak ematen dizkiete lehenengo aldiz eta, batez ere gazteen gaitasun pertsonaletan sakontzen duten eztabaidak mahai gainean jarri eta gizarte trebetasunak lantzen dira.

Horiekin batera, ikasleen guraso elkarteen bidez, sendiak jorratzen dira familien programan edota "gurasoen eskolan". Isabel Garciaren arabera harreman hori "aurrezaintzarako ezinbesteko arloa" da. Bertan, gurasoekin saio informatiboak egiten dira, astean ordu erdikoak. Horietaz gain, joan den urteko ekintza bat berreskuratuko da oraingoan ere: "Galdegunea" izeneko ereduzko proiektua. Galdegunearen funtzionamendua erraza zein eraginkorra da, izan ere ikastetxeen irteeretan jartzen diren informazio guneek osatzen dute. Bertan, teknikariak gurasoengana hurbildu eta esku-orriak eta hainbat informazioa ematen die era zuzenean, unean bertan izan ditzaketen zalantzei erantzuna emanez. Aurten, tekniko berriaren presentziarekin zerbitzua pertsonalizatzeko aukera izango da.

Azken zutoina hautapen prebentzioa deritzotena da. Berau drogak kontsumitzeko arriskua duten gazteei zuzenduta dago.. Tailerren bitartez lantzen da programa, taldeka zein pertsonalki, eta ikastetxeekin "akzio protokoloa" ezarten da. Garciak azaldu duenez, "ikastetxeetan detektatzen dira kontsumo arazoak. Irakasle zein zuzendarien bidez informazioa teknikariei ematen zaie eta horrela kontsumitzailearekin eta familiarekin lan egin daiteke".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun