Bi gizon atxilotu dituzte Getxo udalerriko bost tabernatan lapurtu dutelakoan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 30a, 16:52

Ertzaintzak bi gizonezko atxilotu ditu gaur goizeko ordu txikietan Algortako Aldapa auzoan, herri horretako taberna batean izandako lapurretan parte hartu dutelakoan. Gainera, Herrizaingo Sailak beste lau ebasketa leporatu die, guztiak Getxo udalerriko tabernatan izandakoak. Atxilotuek 30 eta 45 urte dituzte eta "ohiko delitugileak" dira eta "delituzko aurrekariak dituzte biek". Gainera, "lagunetako bat 32 aldiz atxilotu izan dute", Ertzaintzaren aburuz. Atxiloketa goizeko 4ak pasatuta izandako lapurreta baten ondorioa izan da. Ordu horretan Algortako taberna batean bi gizon osten ari zirela salatu du auzokide batek. Poliziak heldu direnean, tabernako pertsiana indarrez irekita eta jolas-makinatik dirurik gabe topatu dituzte, lapurrek "arrapaladan ihes egin dutela". Inguruak miatuta, ertzainek lekukoek emandako deskribapenarekin bat datozen bi lagun aurkitu ditu Aldapa auzoan.

Bi gizonezkoak identifikatzean, "hesi baten atzean motxila bat ikusi dute agenteek; antza, lagunetako batek botata. Motxila barruan 200 euro txanponetan (ustez aurretiaz aipatutako txanpon-makinatik hartutako dirua), eskularru batzuk eta pertsianak indarrez irekitzeko zizel handi bat aurkitu dute", Herrizaingo Sailak ziurtatu duenaren arabera. Ondoren, biak atxilotu dituzte, indarra erabiliz egindako lapurretaren ustezko egileak izateagatik.

Handik aurrera, beste lau lapurreta egotzi die Ertzaintzak, guztira bost taberna ostu dituztelakoan. Horren arabera, ustezko delitugileak Algortako bi tabernatan sartu ziren pertsianak indarrez ireki ostean; tabernetako batean gainera, jolas-makina hustu zuten. Beste hiru tabernatan (bata Itzubaltzeta / Romon dago eta beste biak, Areetan) ere lapurreta egin zuten.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun