Kutsatutako zoruetatik metal astunak kentzeko balio du Lanestosako landare batek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 30a, 18:39

Lanestosako (Enkarterriko Haranak, Bizkaia) "Rumex acetosa" landare espeziea oso baliagarria da kutsatutako zoruetatik metal astunak erauzteko. Abandonatutako meategigunetako lurretan dauden metal astunak toleratzeko gai diren landare asko daude. Horregatik, metalak dituzten guneak berritzeko gaitasuna duten landare-espezieen ikerketa eta aukeraketa egiteko gune aproposak dira. EHUn aurkeztutako tesi batek mingarratz handia (Rumex acetosa) espeziearen gaitasunak ikertu ditu. Lurren kontaminazioa ingurumen-arazo larria da. Fitoerremediazioak landareak erabiltzen ditu hondatutako guneak berreskuratzeko, kutsatzaileen toxikotasuna gutxitu edo deuseztatzeko, eta, batez zere, lurren osasuna berreskuratzeko. Argazkian, gai horren inguruan aurkeztu du bere doktore-tesia Oihana Barrutia Sarasuak, "Assessment of Zn, Pb and Cd tolerante in native plant species from contamines soils and its implications for heavy metal phytoextraction" (Landare-espezie natiboen zink, berun eta kadmioarekiko tolerantziaren ebaluazioa eta horren inplikazioak metal astunen fitoerauzketan) izenburupean.

Ikerketa horretan, fitoteknologian erabiltzeko espezi egokiak aukeratzeko azterketak egin dira, horien bidez zink, berun eta kadmioz kutsatutako lurrak berreskuratzeko. Fitoteknologien artean daude fitoegonkortzea —landareak metalak xurgatu eta sustraietan eta inguruko zoruan mantentzen ditu— eta fitoerauzketa —metalak xurgatu eta gainazaleko ehunetan metatzen ditu—.

Oihana Barrutia Sarasua Biologian lizentziatua da eta, egun, EHUko ikertzailea da. Aurkeztu duen tesia Txema Becerril Sotoren zuzendaritzapean burutu du, EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko Landare Biologia eta Ekologia Sailekoa, eta Neiker Tecnalia (Derio)-ren lankidetzarekin. Doktore-tesia egiteko Barrutia egonaldiak egin ditu Erresuma Batuko Rothamsted Research (RRes) Ikerketa Zentroan eta Madrilgo Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Nagusian (C.S.I.C.).

Metal astunak erauzten dituzten landareak

Abandonatutako meategiguneetako landare-aniztasuna oso garrantzitsua da mota horretako ikerketak egiteko. Izan ere, lurzoru horietan era naturalean hazten diren landareak daude eta fitoerremediaziorako espezieak aukeratzea ahalbidetzen dute. Horregatik, ikuspuntu ekologikotik nahiz zientifiko-teknikotik edo ekonomikotik, garrantzitsua da gune horiek eta hango landare endemikoak —ingurune horietako espezie propioak— babestea eta ikertzea.

Ikerketa burutzeko, Lanestosa herri bizkaitarreko mingarratz handi (Rumex acetosa) landarearen populazio bat aukeratu da. Izan ere, landare horrek metal astunetan aberatsak diren guneak berriro landareztatzeko gaitasun paregabea du, baita kutsatutako lurretatik zinka erauzteko ere. Gaitasun horiek optimizatu daitezke lurrak ongarrituz. Horrela, landareek behar dituzten eta meategi-lurrei falta zaizkien mantenugaiak gehitzen zaizkio lurrari.

Ingurunearen garrantzia

Lanestosako mingarratz handi-populazioa aztertu eta gero, zenbait ingurunetako espezie beraren populazioekin alderatu dira emaitzak. Horrela, ikusi dute Lanestosako R. acetosa populazioak tolerantzia handiagoa duela bere ingurunean dauden metalekiko –zinka eta kadmioa, batez ere– Larrauriko ingurune ez-kutsatuko landare-populazioak baino. Lanestosako populazioak zink eta kadmioaren fitoerauzketa-tasa altuak eta metal horiekiko tolerantzia handiak ditu. Horrek oso erreminta erabilgarria bihurtzen du metalekin kutsatutako lurretan fitoerauzketa-programetarako.

Ikerketa horretan, berunaren fitoerauzketa optimizatzeko EDTA agente kelatzailearen erabilera ikertu da baita ere. Agente kelatzaileek metalekin bat egiteko gaitasuna dute, eta, horrela, horien erabilgarritasuna handitzen dute. Kasu horretan, EDTA kelatzailea aplikatzean, Lanestosako populazioak —eremu kutsatua— Larrauriko populazioak —eremu ez-kutsatua— baino emaitza hobeak lortu ditu optimizazioari dagokionez.

Era berean, metalek landareetan eragiten duten toxikotasuna aztertu dute. Emaitzek diotenaren arabera, toxikotasuna aukeratutako landare-populazioaren eta metalaren araberakoak dira. Landareetan ikusgai diren toxikotasun-sintomen artean daude hazkundearen inhibizioa, fotosintesiaren erantzule diren pigmentu kopuruaren murriztea eta landarea oxidaziotik eta argitik babesten duten konposatuen indukzioa.

Fitoteknologietarako erabilgarriak

Meategi-lurzoru hondatuak berreskuratzeko R. acetosa landareak eskaintzen dituen aukerak kontuan hartuta, oso landare egokia da fitoteknologietarako. Izan ere, oso erraz moldatzen da ingurumen-kondizio askotara, ezagunak dira espezie hori kultibatu eta mantentzeko sistemak eta biomasa sortzeko gaitasun handia du.

Egun, bai arrazoi naturalengatik, bai giza jarduerengatik, mehatxupean dauden meategiguneak bereziak eta paregabeak dira, gure iragan industrialaren ondare historiko izateaz gain. Horrek ingurune horiek eta han bizi diren organismo endemikoak babesteko garrantzia eta premia nabarmentzen du ikuspuntu ekologikotik, teknikotik, zientifikotik nahiz ekonomikotik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun