Gobelaurre parkerako proiektua airean utzi dute alderdien arteko desadostasunek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 30a, 19:57

Gobelaurre izenarekin ezaguna, Itzubaltzeta / Romoko Txabarri Zuazo parkea konpontzeko proiektua jende aurrean aurkeztu dezala eskatu dio Getxoko Gobernu Taldeari Alderdi Popularrak. Izan ere, egitasmoa irailaren 27tik urriaren 5era bitartean herrian bertan ikusgai jarriko zutela hitz eman zuen hilaren 12an Imanol Landa alkateak. Baita Hirigintza batzordean alderdiei baieztatu ere, popularren arabera. Baina, Getxoko PPren kexuei erreparatuta, ez omen da horrela izan. Hala ere, gaurko prentsa oharrean ez du azaldu Eduardo Andrade tokiko PPkoen ordezko bozeramaileak, Gobelaurreko konponketa lanek dakartzaten gastuei aurre egiteko 1.800.000 euro baino gehiagoko kedritu gehigarria ez onesteko proposamena aurkeztu zela, ostiraleko udal batzarrean, PPk eta PSE-EEk Hirigintza batzordean emandako botoei esker. Baita osoko bilkuran aipatu kreditua ez ematea onartu zutela ere. Bitartean, EAJk zuzendutako Gobernu Taldeak proposamen horren zentzua aldatzeko, hau da, hori onartzea ahalbidetzeko zuzenketa aurkeztu zuen -emaitzarik lortu gabe-; proiektua aurrera ez bada ateratzen, erantzunkizuna PP eta PSEren eskuetan utzi nahian. Argazkian, aurreko udal batzar baten artxiboko irudia.

"Berriro luzamenduetan ibiltzen ari zaizkien galdezka dabiltza auzotarrak. Ez ote zitzaion dirua amaituko alkateari, premia txikiagokoak diren Ereagako eraikin berria bezalako proiektuei lehentasuna emateagatik, ezta?", adierazi du gaur Eduardo Andrade Getxo PPkoen ordezko bozeramaileak. Aipatu etxea hondartzako pasealekuko La Terraza izeneko tabernan dagoen tokian lekutuko da, besteak beste, turismo bulegoa, sorosleentzako eta hondartzainentzako tokiak eta taberna-jatetxea hartzeko eta, horretarako, 1.200.000 euro jarri ditu Udalak. Bada, "gauzak horrelakoak badira", Andradek "konponbide erraza" proposatu dio Landari: "Alderdi guztiek Gobelaurre eta egun diru partidarik ez dagoen bestelako proiektuei oniritzia eman ahal izango diegun aurrekontu egitasmoa aurkeztea", adierazi duenez.

Gaiak mahai gainean

Hala ere, ez dirudi hori horren erraza izango denik. Gobelaurreko lanetarako 1.800.000 euro baino gehiagoko kedritu gehigarria onartzearen kontra agertu ziren ostiraleko osoko bilkuran oposizioko alderdiak, proiektua kinka larrian jarriz. Hasieran, proposamenak aztertzeko denbora faltan ibili direla aipatu arren, Luis Almansa sozilisten bozeramaileak berak aitortu zuen, aurreko alkate Iñaki Zarraoaren Gobernu Taldeak onartutako aurrekontuekin ibili bitartean, kedritu gehigarririk onartzeko asmorik ez dutela. Izan ere, aurtego udal gobernuaren eta oposizioko alderdien arteko akordiorako asmo ezak ekarri du aurten aurrekontu luzatuak izatea. Batetik, PP eta PSE-EEri "negoziatzeko eskua luzatu" diela dio behin eta berriro Landa alkateak, baita "erantzuna beti ezezkoa" izan dela kritikatu ere. Oposiziotik, berriz, Udalbatzarrak euren botoei esker onartutako Udal Arautegi Organikoari eta tasen eta zergen jaitsierari buruzko akordioak (egun auzibidean) betetzea eskatzen diote Udalari.

Bada, Gobelaurre parkeaz gain, akordioak lortzeko gaitasun edo gogo ezak beste hainbat gai utzi zituen mahai gainean, aurreko osoko bilkuran: Gobernu Taldeak 2009rako proposatutako 6 hobari fiskalak, Itzubaltzetako Luis Lopez Oses kalea konpontzea (PSE-EEk aurreko osoko bilkuratan mozioen bitartez defendatu zuen hori eta Gobelaurre konpontzea) eta datorren urtean mendeurrena ospatzeko ekitaldiak antolatzeko Arenas futbol klubarentzako dirulaguntza ematea. Era berean, San Nikolas aldean babes ofizialeko 9 etxebizitza eraikitzea ahalbideratuko lukeen xehetasun azterketa eta Santa Anako babes ofizialeko etxebizitzeetako aparakalekuen zozketarako baldintzak eta onartuen zerrenda ez ziren aurrera atera. Iñaki Urkiza Ezker Batuako zinegotzi bakarrak guztiei adierazi nahi izan zienez, "alderdikerietan ibili beharrean, hobe zenukete auzotarren benetako arazoak konpontzen aritzea".

Gobela erreka

Bitartean, Gobela erreka egokitzeko Jaurlaritzak aurkeztutako proiektuan Itzubaltzetako Ibaigane kaleko etxeatik ubidea urruntzeko egitasmoa ere jasotzea eskatu zuen PSE-EEk, mozio baten bitartez. Hala ere, horrek ez zuen EAJren babesa eduki. Joseba Arregi Hirigintza zinegotziaren arabera, aipatu proiektuaren helburua uriolak saihestea da eta "Ibaiganen ez dago horrelako arriskurik", nahiz eta etxe batzuetatik zentimetro gutxitara igaro ibaia. Hala ere, Almansa sozialisten bozemailea tematuta egon zen, Gobelarako proiektuak erreka igarotzen den toki guztiak hartu behar dituela, "Udondon hasi eta Berangon amaitu". "Auzotarrak kanpoan utziko dituen egitasmoa" ez du babestuko PSE-EEk. Mozioa aurrera atera zen sozialisten eta popularren botoekin.

Alkate eta zinegotzien soldatak izoztuta

Bestelako mozio batzuk aho batez onartu zituzten. Horien artean, 2009an alkatearen eta erabateko arduraldia eta zatiko arduraldia duten zinegotzien soldatak eta osoko bilkuretan, gobernu batzordeetan, informazio batzordeetan eta erakunde autonomoetan parte hartzeagatik ordainak bere horretan mantentzeko PSE-EEk aurkeztutakoa. Era berean, aholkularien soldatak eta udal alderdi politikoei eman beharrekoa ere bere horretan mantenduko dira.
Aho batez honako bi mozio hauek ere onartu zituzten: Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzea Getxo eta Loiuko aireportua lotuko lituzkeen autobus zerbitzua martxan jartzea aztertzeko eta, bestalde, Eusko Jaurlaritzari, Aldundiari eta Garraiobideen Partzuergoari metroa Getxoko etxebizitzen eta parkeen ondoko ibilbidean intsonorizazio pantailak jartzeko eskatzea, bagoiek eragindako zaratari aurre egiteko.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun