Cervantes plazaren aurrean, Maiatzaren Bata eta Nafarroa kaleen izkinan dagoen Leioako Pinuetako kultur etxe berria "dagoneko martxan" dagoela jakinarazi du gaur Eneko Arruebarrena alkateak. Bertako lokala erosten, atontzen eta altzariak jartzen 360.000 euroko inbertsioa egin du tokiko gobernuak. 110 metro koadroko areto berrian orain arte Lapurdi kalean zeuden ludoteka, txikientzako ikasketa gela eta ikas-laguntza eta helduen eskulanetarako tailerrez gain, interneterako eta informazio guneak, erabilera anitzeko gela eta biltegiaz ere gozatu ahal izango dute auzokideek. Izan ere, kultur etxe berria Leioako Udalak Lapurdi kalean jarraitzen duen Pinuetako nagusien etxea handitzeko urrats baita. Nagusien etxean dagoeneko lanak hasi dira eta orain arte kulturari eskainitako aretoak aitite-amamentzako azpiegiturak ordezkatuko dituzte. Dena den, udal bulego deszentralizatua, hitzaldi aretoa eta areto nagusia nagusien etxean jarraituko dute, elkarte eta auzokide guztientzat irekita.