Erandioko PPren arabera, hainbat argibide ematen ditu txostenak, batez ere Altzagako Jado eta Obieta kaleetan gertatu ziren uholdeen inguruan: lehendabizi, Lamiakoko ponpaketa-estazioak gainezka egin eta urak atzera egiten zuen Udondo eta Erandio arteko hoditeriaren bitartez. Bigarren, ontziralekuan kokatutako gainezkabidean dauden larrialdietarako ponpak hondatuta zeuden eta ez zuten ura behar bezala kanporatzen. Hirugarren, gainezkabideko konporta ez zegoen ondo erregulatuta eta ura bueltan zihoan Lamiakoko ponpaketa-estaziotik Erandiora. Laugarren, Jado eta Obieta kaleetatik datozen urak hartzen dituen kolektorea trabatuta zegoen eta, gainera, ez da nahikoa bi kale horietatik datozen urak hartzeko, baldin eta euri asko egiten duen. Azkenik, ez da egin noizean behineko berrikusketarik, ezta baldin badako simulakrorik egin, dena ondo zegoen egiaztatzeko.
Asua
Asuan gertatutako uholdeei buruz, baina, ez du aipamenik egiten txostenak, Ruizen hitzetan. Gauzak horrela, egun, ordutik bi hilabetera, ez dakigu zeintzuk izan ziren arrazoiak; Erandiondoko ponpaketa-estazioak gainezka egin zuela uste badugu ere".
Bizkaiko Ur Partzuergoak Erandioko Udalari berriki helarazitako txostenean oinarrituta, udalerriko hainbat lekutan ekainaren 1ean gertatu ziren uriolen erantzule politikoak zeintzuk diren argitzeko eskatu die aipatu bi erakundeetako arduradunei Alderdi Popularrak. Javier Ruiz tokiko popularren bozeramailearen arabera, "azterketa horretatik ondorioztatu daiteke aurreikuspen falta eta bata besteari lotutako akats kopuru handia egon zela, auzotarrei kalte ugari eraginez. Hartara, beharrezkoa da erantzunkizunak bilatzea, bai Ur Partzuergoko, bai udal ordezkariei dagokienez. Bestela, EAJren interes korporatiboak Erandioko bizilagunen onuren aurretik jartzen ari direla adieraziko liguke horrek". Argazkian, Obieta kalea urez gainezka, ekainaren 1ean /