Campuseko Biofisika Bizkaia Fundazioari 680.000 euro emango dizkio Aldundiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 1a, 16:06

Erandio eta Leioako campusean egoitza duen Biofisika Bizkaia Fundazioak diru-laguntza garrantzitsua jasoko du laster. Izan ere, Biofisikaren arloan "ikerketako, graduondoko mailako irakaskuntzako eta zabalkundeko jarduerak sustatzea, egitea, laguntzea eta finantzatzea" helburu duen fundazioak Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Sailetik 680.000 euroko laguntza jasoko du urtea bukatu baino lehen. Aldundiaren Gobernu Kontseiluak jakinarazi dutenez, 2006ko abenduan Felix Maria Goñi Urcelay, Jose Luis Rodriguez Arrondo eta Juan Maria Arrieta Mardarasek, Eusko jaurlaritzaren parte hartzearekin eratutako elkarteak "arreta berezia eskaintzen dio Bizkaian egiten den bikaintasun ikerkuntzari, eta horretarako, ikertzaileak erakarri eta gurean gerarazten zein ikerketak garatzeko behar diren azpiegiturak jorratzen laguntzen du". Horregatik, "Bizkaian biofisikaren gaineko ikerkuntza bultzatu eta sustatzeko", urtea bukatu baino lehen abiarazten diren jarduerentzat diru partida onartu dute. Diru hori 2008 eta 2009ko foru aurrekontuekin ordainduko da. Argazkian, Jose Luis Bilbao diputatu nagusia, eskuinean, Andoni Ortuzar EAJren BBBko presidentearekin hizketan.

Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Saila arduratuko da diru-laguntza hori emateaz, "sektore estrategikoetan berrikuntza sustatzen duen Burutu programaren barnean".

Biofisika Bizkaia fundazioak gure lurraldea biofisikaren gaineko ikerkuntza sustatu eta bultzatzeko proposamena aurkeztu zion Aldundiari, biofisikaren arloan ikerketak garatzeko behar den ekipamendua erosteko, ikerketa unitatea zaindu eta sendotzeko behar diren langileak kontratatzeko eta ikertzaileen taldeari kide berriak gehitzeko asmoz doktoretza aurreko bekak eskaintzeko.

Horrez gain, "nahitaez egin behar da ikerkuntzaren arloan biofisikari dagozkion beharrizanen gaineko azterketa bat datorren urteetan Bizkaiko Lurralde Historikoan ikerkuntzaren egoitza izango den eraikina egin baino lehen", iragarri du Aldundiak. Horrela, oinarrizko zentro horren beharrizanen neurria hartu ahalko da, aurrez ikusitako hazkundearen arabera. Horrekin batera, plan estrategiko bat egingo da, batetik, biofisikaren gaineko ikerkuntzaren bitartez bultzatuko diren oinarrizko ildoak identifikatzeko, eta, bestetik, garatzen diren ikerketek duten garrantzia gizarte osoari helarazteko bidea emango duten jarduerak sustatzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiaren ustez, Biofisika Bizkaia fundazioaren ahaleginak "goi mailako ikerkuntza bultzatzea" ekarriko du, ikertzaileen kopurua handituko du eta, "jakina", enpresak erakarriko ditu. Horrek guztiak, "Bizkaia berrikuntzaren arloan eredu izaten lagunduko du".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun