Hamalau lan egongo dira ikusgai aurten Getxoko Antzerki Jardunaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 1a, 18:53

Getxoko XXVI. Antzerki Jardunaldiak urriaren 9tik 19ra bitartean ospatuko dira. Aurten 14 antzezlan eskainiko dituzte beste horrenbeste antzerki taldek. Ohikoa denez, ekitaldi honen helburu nagusiak dira "urtez urte euskal antzerki konpainiek egiten duten ahalegina erakustea eta urteko antzerki ekoizpenaren erakusleiho bilakatzea", antolatzaileek nabarmendu dutenez. "Jende guztiak, adina gora behera, atsegin dituen antzezlanak aurkitzeko aukera izango du. Hori dela eta, jardunaldiek berriro ere euren eskaintza egiten dute, aukeratutako lanen aniztasuna eta kalitatea ezaugarri izanik. Helduentzako eta haurrentzako lanak, genero eta gai ezberdinak, euskara eta gaztelania -espainieraz izango dira lanen bi herenak, gutxi gora behera- sartuko dira ekitaldiko egitarauan. Kaleko antzerkia italiar erara, komediak eta dramak, barrurako antzezpenak, muntaia handiak eta lan garaikideak eskainiko dira jardunaldietan", gaineratu dutenez. Sarrerak salgai daude Algortako kultur etxean, BBKren orotarako kutxazainetan, www.bbk.es webgunean eta 944 310 310 eta 944 914 080 telefono zenbakien bidez. Argazkian, Maskaradaren "Ohean" antzezlanaren irudi bat.

Algortako Getxo Antzokian helduei zuzendutako antzezlan nagusiak ikusi ahalko dira. Bertan, Maskarada taldearen "Ohean" bezalako lanak izango dira; Unai Elorriaga idazle algortarrak "En la cama" film ezagunetik abiatuta egin duen egokitzapena da, eta gau bateko harremanak biltzen ditu ikuspuntu tragikomiko batetik. Bertan antzeztuko da baita Ados konpainiaren "El jefe de todo esto", Lars Von Trier-en film batean oinarrituta lan-abusuen gaia umorez uztartzen duena. Agerre Teatroa taldearen "Secando charcos" antzezlana, bikote arazoei buruzkoa, eta Kunka konpainiaren "Sexo gratis" sexu fantasien inguruan antolatutako ikuskizun dibertigarria ere Getxo Antzokian izango dira.

Txikientzat

Bestetik, txikienentzat, Algortako Telletxe plazan eta Areetako Andres Isasi Musika Eskolan egongo dira antzezlanak, txotxongiloak eta pailazoak. Aurtengoan, jardunaldiek haurrentzako ondorengo ikuskizunak eskainiko dituzte: "Superplast" (Hortzmuga), "A traves de Africa" (Autu Mautu), "Egipton Gertatuak" (Potxin eta Patxin), "Zorionak zuri" (Zirika Zirkus), "Ni natura naiz" (Kiki, Koko eta Moko), "Harritzeko ipuinak: Tartalo eta sorgina" (Bihar), "Renato" (Ganso Teatroa) eta "Andersen, el patito feo" (Dar-Dar).

Haurrentzako muntaiez gain, Algortako Telletxe plazan kaleko bi ikuskizun ere antzeztuko dituzte: "Con el bulto a la espalda" Getxoko Simulacro taldearen azken lana, immigrazioaren gaiari buruzkoa, eta "Malditas", Organik taldearen dantza-antzerki ikuskizuna. Ohi bezala Getxo Antzokiko eta Andres Isasi Musika Eskolako saioak ordaintzekoak izango dira eta gainerakoak, doakoak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun