Patada en la Papada eta We Are Standard taldeek beren bigarren diskoak aurkeztuko dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 1a, 18:57

Patada en la Papada Uribe Kostako punk taldeak hilaren 25ean joko du Algortako Getxo Antzokian. Bertan "Carne de matadero" disko berriaren 19 espainierazko kantez zein abesti zaharrez gozatzeko izango dute zaleek. Tartean, bost euroren truke, Discos Suizidas diskoetxearekin kaleratutako CDa eskura dago hainbat tabernatan eta Discos Suizidas-en webgunean. Era berean, hainbat kanta taldeko gunean bertan entzun daiteke doan. Hainbat gora-beheren ondoren, Aitor, Iker, Iban, David eta Ekaitzek osatzen dute ahotsa, baxua, bateria eta bi gitarrak jotzeko taldekideen zerrenda. We Are Standard taldeari dagokionez, ingelesez abesten duen talde algortarrak bigarren diskoa kaleratuko du azaroaren 4an, titulua izenetik hartuta. Hori izango da Standard izena zuen taldeak izen artistiko berriarekin kaleratuko duen lehenengo lana, Gang Of Four post-punk taldeko Andy Gill-ek ekoiztuta. Argazkian, Patada en la Papadako kideak aurtengo Getxoko jaietan, kontzertua hasi baino lehen.

We Are Standard Taldeak “The Last Time” kantaren zati bat utzi du webgunetik aske jaisteko, CD-n, binilon eta iTunes denda elektronikoan banatuko den "We are standard" laneko aurkezpen gisa. Algortarrek kontzertua eskainiko dute larunbat honetan Donostikluba jaialdian, Gipuzkoako hiriburuan, eta hilaren bukaeran Ameriketara joango dira, New Yorkeko CMJ musika maratoia eta film jaialdian parte hartzeko. Bertan bi kontzertu eskainiko dituzte, 22an eta 24an. Atzerako bidea eginda, Espainiako eta Herrialdeko Katalanetako hainbat lekutan joko dute. Hortaz, diskoa kalean izango denetik baieztatuta dagoen Euskal Herriko lehenengo kontzertua Bilboko Kafe Antzokian izango da, abenduaren 19an. Taldea Deu Txakartegi, Jon Aguirrezabalaga, Javi Leta, D.W.Farringdon eta Juan Escribanok osatzen dute.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun