Semearen gaixotasun tamaina ezagutu zutenetik gauzak nabarmen okerrera egin arren, Anjelen amak presoarekin hasieratik krudelkeriaz jokatu dutela deritzo: "Anjelen zigorra ulertezina da. Hastear zegoen komando batean zebiltzan Algortako bi mutil, urduliztar bat eta Anjel. Ezer ez zeukan zulo batengatik eta bakoitza bere aldetik hutsaren hurrengoa den hainbat konturengatik zigortu zituzten. Ez dute inor hil eta Anjeli 56 eta besteei 59 urte jarri dizkiete. Eta orain epaia irmoa dela esanez horretara mugatzen dira epaileak".
Argiago ere azaltzen du Mari Karmen Fernandezek: "nire semeak bere ama edo neskalaguna hil izan balu, 14 urteko zigorra izango zuen eta sei urtetan kalean egongo zen". Beste preso ezagun batzuk ere izan ditu hizpide konparazioak egiteko: "Amedo, Dominguez, GALeko guztiak... daude kalean nire semeak baino urte gehiagoko zigorrak izan arren".