Udal Gobernuak hitzaldi bat burutzeko eskatu zuten udal areto bat ukatu diela salatu dute
Leioako ezker abertzaleko kideek. Hitzaldia atzo egitekoa zen, Lamiakoko kultur gunean, eta bertan auzo horri zein ingurukoei gertutik ukitzen duten makro araztegiaren proiektuaz, etxebizitza udal politikaz eta auzoetako aldaketa berriez berba egin behar zuten. Era berean, Txopoeta, Lamiako, Pinueta eta Txorierri auzoetan ikusten duten "kirol eta kultura azpiegituren falta" izango zuten hizpide. Ezker abertzaleko kideen aburuz, "Udalaren helburua ezkutatzen diguten informazioa leioaztarroi ez luzatzea da; leioaztarroi batere kontsultarik egin gabe gure udalerriaz hartzen dituzten erabakiak ezkutatu nahi dituzte, eta horregatik ukatzen digute guk dugun informazioa emateko hitzaldiak egiteko udal aretoak erabiltzea". Bestalde, "udal aretoak udalerriko herritar eta eragileen esku egon beharko lirateke" gogoratu dute, "baina udalak bere interesen mesedean erabiltzen ditu bestelako alternatibak ditugun taldeoi erabiltzea ukatuz". Ziurtatu dutenez, ez da lehen aldia horrelako debekua jasotzen dutela.