Getxoko Udalak 30.000 euroko dirulaguntza eman dio Algortako Bertsolari Eskolari (ALBE), bere ekitaldiak aurrera eramaten laguntzeko. Azpimarratu behar da, ohi bezala, Bizkaiko Txapelketaren hiru finalaurrekoetako azkena udalerrian izango dela abenduaren 7an, 17:30ean hasita. Bertan, puntako bertsolariek parte hartuko dute, kanporaketetatik helduko direnekin batera. Etxahun Lekue, Unai Iturriaga, Igor Elortza eta aurreko edizioko txapeldun Xabier Paya algortarra entzuteko aukera egongo da, besteak beste. Hala ere, oraingoan Algortako Getxo Antzokian izan beharrean, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan kokatuko den karpapean izango da, alde batetik "antzokia bera aurrekoetan txiki geratzen zelako eta, gainera, ordurako funtzionamendutik kanpo egotea espero delako", udal iturriek adierazi dutenez. Getxo Antzokia bota eta berria altxatuko dute laster. Argazkian, Bizkaiko Txapelketan sartzeko asmoz, Ipar Uribeko txapelagatik lehiatu ziren ALBE eta Taket bertso eskolako kideak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!