Laster hasiko dira Algortako Gauegun gaztelekuko lanak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 2a, 14:23

Datozen hilabeteetan, Algortako Urgull kalean, Gauegun gaztelekua egongo den lokaleko egokitzapen lanei ekingo diete, udal iturriek aurreratu dutenez. Horretara bideratutako aurrekontua 90.000 euro ingurukoa da. Zaharberritze lanak, bai espazioen banaketari dagokionez, bai alderdi estetikoei dagokienez, "orain dela bi urte ekipamendua definitzeko prozesuan parte hartu zutenek (heldu zein gazteek) ezarritako irizpideei egokituko zaizkio", tokiko arduradunen arabera. Lanen ematea bi edo hiru hilabete barru egingo dela espero du Getxoko Udalak. "Era berean, lanetarako beste bi hilabete beharko dira. Beraz, gaztelekua neguaren amaieran zabal liteke", gaineratu dutenez. Ordutik aurrera, lokala egunero irekiko da, arratsaldetan. Argazkian, Algortako antzinako kultur etxean jarriko dute gaztelekua.

Gaztelekua 12 urtetik 17 urtera bitarteko gazteentzat egongo da zabalik. "Ekipamendu honekin adin desberdinetako neska-mutilen aisialdirako ekipamendu sarea eratzeko lanari jarraipena eman nahi zaio. Lan ildo hau 5 urtetik 10 urtera bitarteko haurrentzako Areetako ludotekarekin hasi eta 2009an 5 urtetik 11 urtera bitartekoei zerbitzua emango dien Algortako ludotekarekin jarraituko du", diote udal arduradunek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun