Gaur Berangora, bihar Algortara eta etzi Bilbora joateko deitu du AAMk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urr. 2a, 14:10

Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak hainbat hitzordu jarri du gaur eta hurrengo egunotan. Gaur, arratsaldeko 19:30ean, herri asanblada egingo dute Berangoko kultur etxean, "amnistiaren aldeko mugimenduaren aurkako auziaren, atxiloketen eta espetxeratzeen inguruan hausnarketa egin eta aurrera begira jartzeko". Bihar, berriz, arratsaldeko 20:00etan gaixotasun larria eta sendaezina duen Anjel Figueroa presoaren askatasuna aldarrikatuko dute Telletxe plazan egingo den elkarretaratzean. Larunbatean, 17:30etik aurrera, "Egin aurre salbuespen egoerari. Aski da! Euskal Herriak askatasuna" lelopeko nazio manifestazioan, sakabanaketa, atxiloketak, ilegalizazioak, Parot doktrina eta beste eskubide urraketa asko salatuko dituzte Bilboko kaleetatik, Aita Donostia plazatik abiatuta. Azkenik, hilaren 11n, larunbata, elkartasunezko bertso indabada egingo dute 15:00etan Sopelan, 15 euroren truke. Izena ohiko lekuetan eman daiteke.

Larunbateko manifestazioaren "Euskal Herriak askatasuna" manifestua

Aste honetan, errepresio espainiarraren armategiko tribunalek (Auzitegi Nazionala eta Auzitegi Gorena) erabaki sakonak hartu dituzte:

* Presoekiko elkartasuna eta errepresioaren salaketa debekatu eta kriminalizatzea legezko bilakatu dute. Erabaki dute eta legezko egin, preso politikoen eskubideak defendatzea terrorismoa dela; injustizia edo eskubide urraketak salatzea terrorismoa dela.

* Legez kanpo jarri ditu ANV eta EHAK alderdiak, Euskal Herriko sektore oso bat lan instituzional eta politikorako eskubide eta aukerarik gabe utziz.

Kapitulu berri honek, PSOE-ren gobernuak Euskal Herrirako prestatu duen plan errepresiboan beste pausu bat gehiago suposatzen du. Bide polizial eta errepresiboa da herri honi eskaintzen dion aukera bakarra. Hilabete honetan bertan, Nafarroan guardia zibilak herritarrak bahitu eta era basatian torturatu ditu, beldurra zabaldu eta inpunitatea maila gorenera eramanez; Juanjo Rego Vidal, gaixotasun larria izanik ere bahiturik duten presoa gose eta egarri greban jarri izanak, gobernuak espetxeetan heriotza zigorra gupidarik gabe ezartzeko apustua duela erakusten du.

Euskal Herrirako espresuki hartutako erabaki judizial horiek GAL antolatu zuten politikari bertsuen bulegoetan hartzen dira. Rubalcaba eta Zapatero dira, errepresioaren agenda zehazten dutenak, Audientzia Nazionalak Euskal Herriari eta herritarrei kolpe berria noiz eta nola eman behar dion erabakitzen dutenak.

Espainiar Estatuak Euskal Herrian krimena legezko bilakatu du. Jazarpena, gerra zikina, tortura, eskubide zibil eta politikoen urraketa, oinarrizko askatasun eta eskubide demokratikoen zanpaketa eta preso politikoen anikilaziorako neurriak legezko egin dituzte. Estatu Espainolaren izaera faxista azpimarratu dute.

Euskal Herrian hitza delitua den bitartean, tortura basatia zilegizko eta baimendua da. Elkartasuna delitu den bitartean, heriotza zigorra eta biziarteko espetxe zigorra legezko dira. Manifestatzea eta iritzia ematea delitu diren bitartean, biolentzia poliziala txalotua, laudatua eta legezkoa da.

Hau guztia gertatzen da, Ibarretxeren Gobernu kolaboratzaileak auzitegi nazionalaren irizpideak bere egin eta, bere kabuz, presoen aldeko manifestazioak debekatu eta herritarrak inpunitate osoz jipoitu eta atxilotzen dituen bakoitzean. Hau guztia gertatzen da instituzioetan botere gehiago eskuratzeagatik ANV kanporatzeko inolako arazorik ez duten politikari eta alderdien jarrera ‘etikoa'ri esker. Errepresio bortitz eta basatiaren aurrean beste aldera begiratzen duten horiek zabaltzen dituzten inpunitate eremuei esker.

Euskal Herrian bizi dugun salbuespen egoera eta demokrazia ezaren egoera duela 40 urteko diktaduraren parekoa da. Euskal Herrian inoiz onartu ez den Konstituzio Espainiarrak demokrazia itxura eman eta inposizioa bermatu besterik ez du egin, Konstituzioaren babesean errepresio aro gordinak, biolentzia poliziala, tortura basatia eta jazarpen politikoa ezarri dituzte. Euskal Herria preso mantentzen duen Konstituzioa babesten dutenak dira Espainiako espetxeak askatasunaren alde jarduten diren euskal herritarrez betetzen dituztenak. Politikariek behin eta berriro goraipatzen duten Marko Konstituzionalaren aurka egotea edo berau zalantzan jartzea, nahikoa arrazoi da urte luzetarako espetxean giltzapetzeko.

Marko Konstituzional espainiarra da, bere errepresio, inposizio eta inpunitatearekin, herri honetan inolako zilegitasunik ez duena eta legez kanpo egon behar litzatekeena.

Errepresio gehiago badago, errepresioaren salaketa gehiago izango da. Preso politiko gehiago bada, presoekiko maitasun eta elkartasuna hazi besterik ez da egingo. Amnistiaren Aldeko Mugimendua ezin dute espetxeratu, espetxeak apurtu eta askatasuna eskuratzeko jaio baitzen, preso guztiak gure artean izan arte, amnistia lortu arte!

Salbuespen egoerari, faxismoari aurre egiteko deia luzatu nahi diogu Euskal Herriari. Herriz-herri burutuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzearekin batera, manifestaldi nazionala burutzeko deia egiten dugu, Urriaren 4ean, 17.30tan Bilboko Aita Donostiatik hasita.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun