Paul Asensio Algortako semea eta Barrikako auzokidea Ocaña I (Toledo, Espainia) espetxetik Alacantera (Herrialde Katalanak) eraman dutela jakin berri du Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. Beste euskal preso politikoekin batera gose grebari ekin zion irailaren 1ean algortarrak, hainbat arazok bultzatuta: aurrez aurreko bisita intimoak eta elkarbizitzakoak asteburuetan debekatuak izatea, lan egiten duten presoen senideei bisita horiei ezinezkoak eginez; preso gaixoek manta elektrikoak eta botika nahikorik; ziegako kalefakzioa behar dutenean piztu ahal izatea eta ez soilik eguneko bi orduz egun bezala; lanak direla eta gimnasioa itxita dagoen bitartean bestelako jarduerarik ahalbidetzea. Bada, presoek irailaren 19ko gauean ekin zioten berriro elikatzeari, espetxeko bizi baldintzak eta komunikazioak hobetzeko konpromisoa hartu zuelakoan zuzendariak. Orain, baina, Alacanteko espetxera eraman dute Asensio. Bestalde, astelehenean, Frantziako Fleuroy-Merogis espetxetik Meaux-Cahuconin-Neufmontiers-era eraman zuten Iker Beristain Gutierrez "Beris" algortarrari bisitak murriztu dizkiotela ere salatu dute. Argazkian, orain bi asteburu eskualdea zeharkatu zuen UK Martxako hainbat kide Paul Asensioren eta beste preso batzuen erretratuak daramatzatela.
Paul Asensio Algortako preso politikoa urtarrilaren 2an eraman zuten Ocaña I espetxera (Toledo, Espainia), 2007ko abenduaren 27tik egun horretara Valdemoron (Madril, Espainia) izan ondoren. Ocaña I espetxea Getxo udalerritik 495 kilometrora dago. Asensiorekin batera, 18/98 auziko kondenatu gehienak sakabanatu zituzten egun horietan. Algortarra 2007ko azaroaren 30ean atxilotu zuen Espainiako poliziak, Barrikako bere etxean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Hasiera batean Soto del Realen (Madril) espetxeratu bazuten ere, Angela Murillo epaileak sententzia irakurri baino egun batzuk lehenago eraman zuten Navalcarnerora (Madril). Asensiori 11 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, "erakunde terroristako kide izatea" egotzita. Orain, Alacanten dago, Getxotik 823 kilometrora.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.